GARA
BILBO

Lanuzteak Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuan

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuek bultzatuta, hiru orduko lanuztea egin zuten etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek. CCOO, bestalde, gaur elkarretaratuko da Aztertzen eta Aurrerantz enpresen parean.

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek hiru orduko lanuztea egin zuten atzo, 10.00etatik 13.00etara, zerbitzua zabaldu eta bere kalitatea zein sortzen duen enpleguarena hobetzeko. Bilboko udaletxearen aurrean elkarretaratze bat egin zuten, lanuzteak egin bitartean, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuek deituta.

Maiatz hasieran iragarri zituzten sektoreko mobilizazioak, eta maiatzaren 25ean eginiko lanuzteek atzo izan zuten jarraipena. Gogorarazi zuten duela 5 urtetik baino gehiagotik langileen soldatak izoztuak daudela, eta patronalak –titulartasun eta finantziazio publikoa duen zerbitzu honen kudeatzailea izanik– aurkeztu zuen proposamenak alderdi atzerakoiak zituela adierazi zuen gehiengo sindikalak: «Adibidez, lanaldiaren urtekotzea eta KPIaren mailatik oso beherako soldata igoerekin».

Batzordea kexu da administrazio publikoak etxeko laguntza zerbitzuaren kudeaketa eredu pribatu baten bitartez egitea erabaki duela eta. «Horretarako lehiaketa publikoak egin dituzte, eta sinesgarritasun sozial eskaseko merkataritzako enpresen esku uzten dute funtsezko zerbitzu hori», ohartarazi zuten.

CCOOren deialdia

Bestalde, CCOOk bere aldetik antolatu ditu lanuzteak Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuan. Kasu honetan, gaurko deitu ditu mobilizazioak, 11.00etatik 13.00etara bitarteko lanuzteekin, eta hilaren 11n ere egingo dituela iragarri zuen.

CCOOk argitu zuen negoziazio mahaia abiatu zenean KPIarekin bat datorren soldata igoera proposatu zutela, eta bi urte igarota, %0,24ko hazkundetik %0,5era pasatu nahi du zuzendaritzak: «Sektoreko lankideentzat iraingarria da».