Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak ohar batean nabarmendu duenez, Osakidetza «motz geratzen da» Lan Eskaintza Publikoan (LEP) hiru espezialitate behin behinean eteteko erabakiarekin, eta Maria Jesus Mugica zuzendariak iragarridituen neurriak «ez dira nahikoa atzemandako irregulartasunak argitzeko».
Bere ustez, «ezinbestekoa da azterketak etetea susmopean dauden hamahiru arloetan». «Akusazioak oso larriak dira, iruzur zantzu serioak daude eta kaltetuak herritar asko izan daitezke. Susmoaren orbana ez dago Osakidetzak geldiarazi dituen hiru espezialitateetan, hamahiru dira susmopean daudenak, eta horregatik eskatzen diogu horietan guztietan oposizioak eteteko», aldarrikatu du.
EH Bilduko ordezkaria EAJri zuzendu zaio eta LEParen azterketetan filtraziorik izan zen, «oposizioetan iruzurra dagoen, faboritismoa dagoen eta azterketak eta lanpostuak lagunen artean banatzen diren» argitzeko eskatu dio.
Uberak azpimarratu duenez, «Administrazio publikoen kontratazio prozesuetan ezin dira itzalak, mesfidantzak eta susmoak egon; aukera berdintasuna eta erabateko gardentasuna bermatu behar dira derrigorrez, zeren eta horrelako eskandaluek izugarrizko mina egiten diete lan eskaintza publikoei eta Administrazio publikoen desprestigioa dakarte».
Bere iritziz, «zalantzan dagoena Osakidetzako modeloa da, praktika irregularrak ahalbidetzen dituen eredua, alegia», eta horregatik Osasun sailburu Jon Darponek «argitu beharko du benetan arduraz jokatuko duen eta iniziatiba hartuko duen eredu hori aldatzeko eta neurriak hartzeko».
Elkarrekin Podemos
Elkarrekin Podemos taldeko Cristina Macazagak ere eskaera bera egin du eta «zalantzak» dauden espezialitate guztietako azterketak eteteko eskatu dio Osakidetzari. «Dena oso susmagarria da», adierazi du.
Legebiltzarkide honek Osakidetzan «gardentasun, demokrazia eta parte-hartze handiagoa» aldarrikatu ditu eta lan eskaintza publikoan izan diren ustezko irregulartasunen arduradunak beren karguetatik kendu eta zigortzeko galdegin du.