@aagirrezabal
ALTSASU

Saminetik herri bihurtu eta herritarrak gerturatzeko bidea

Luze joan dira azken hogei hilabeteak Altsasun. Herria erasota sentiarazi duen albistez josirik egon da denbora hau eta, honen ondorioz antolatu diren herritarrek azaltzen duten moduan, istripu edo lurrikara baten aurrean elkarlanean aritzen den lurralde baten gisa jardun dute. Elkartasun erakustaldi honek gauza positibo ugari utzi ditu Sakanako hiriburuan, baina ez dute ezkutatzen nekea, tentsioa eta samina ere ohiko sentimendu bihurtu direla. Belaunaldi ugari markatuko dituen garaia bizi du Altsasuk.

Une gogorrei elkartasunez erantzuten ikasi du Altsasuk. Irudian, Edurne Goikoetxea, kondenatutako gazteetako baten ama. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Une gogorrei elkartasunez erantzuten ikasi du Altsasuk. Irudian, Edurne Goikoetxea, kondenatutako gazteetako baten ama. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

2016ko urriaren 15eko goizaldean aurpegia aldatu zitzaion Altsasuri. Bi guardia zibilekin liskarra izanda, bi altsasuar gazte atxilotu zituen Foruzaingoak. Bi gazteak 40 edo 50 bihurtu ziren espainiar Estatuko eguerdiko albistegietan eta laster herri osoa seinalatu zuten. Eta denek, kasualitatez, konparaketa berbera egiten zuten: «70eko hamarkadako Belfast» zirudien Sakanako hiriburuak.

Ordurako kontakizunaren gudan guztiz sartuta zegoen Altsasu, elkarbizitza ezinezkoa zen eta bazterkeria nagusi zen herri bat irudikatzea lortuta zegoen Ebrotik hegoaldera. 

Herri osoa seinalatu eta herri guztia sentitu zen interpelatuta. 7.500 biztanle dituen herrian 2.000 lagun bildu ziren 2016ko urriaren 22an egin zen lehen mobilizazioan, azaroaren 19an aspaldian ikusi den prentsaurrekorik jendetsuena eskaini zuten, handik astebetera “Altsasu” lelopean egingo zen manifestaziorako deia egiteko, eta martxa hartan herriaren biztanleria hirukoiztu egin zen. Javier Ollo (Geroa Bai) alkateak eta alderdi politiko desberdinetako ordezkariek ere bertan egon nahi izan zuten. Altsasuren irudi «desitxuratua» salatu zuten.

«Txarrenari onena» idatzi zuen Jon Maiak, Peio Reparazek musikatutako “Aurrera Altsasu” abestian. Eta horretan tematu ziren altsasuarrak ordutik aurrera. Gazteen gurasoak izan dira hedabide aurrean hilabete luze hauetan aurpegia eman dutenak, baina haiek behin baino gehiagotan nabarmendu dutenez, «gure atzetik jende ugari dago». Herritar asko antolatu dira, bakoitza bere alea jarriz, Euskal Herrian hedapen zabalena izan duen errepresio kasu baten aurkako kanpaina izateraino, gure mugak inoiz ez bezala gainditzeraino.

Adina eta ideologia izan ohi dira gizartea talde ezberdinetan banatzen duten faktore nagusietako bi. Orain arte, Altsasun ere hala izanen zen. Aldiz, errotik aldatu da bizitza Sakanan hilabeteotan eta muga horiek gainditzea ere ekarri du kasuak. Jende askotarikoa batu da elkarlanean Altsasukoak Aske plataformaren baitan, gurasoen itzalean lanean aritu den boluntario taldean. 18 eta 65 urte bitarteko adin guztietako kideak eta espektro ideologiko zabaleko bizilagunak aritu dira. «Nik uste gure artean ez dagoela PPko inor, baina gure ideologiari buruz ez dugu eztabaidatu. Desberdintasunak ditugu, baina horren gainetik helburu amankomun bat edo bi edo hiru ditugu. Gero eta gehiago», dio taldeko kideetako batek. 

 

300 herritar

Familia haziz joan da etengabe. Gurasoek osatzen zuten babes sarera laster batu ziren gertukoak, eta zenbakiak gora baino ez du egin, albisteen eta zigorren gordintasunarekin batera. Horren eredu da mobilizazio hau, zeinetan 200 lagun inguru aritu diren lanean. «Bizi dugun amesgaizto honen barruan zerbaitek indarra eta aurrera jarraitzeko gogoa eman badigu, jaso dugun elkartasun guztia izan da. Gure herrian, Nafarroan, Euskal Herrian edo munduko txoko ezberdinetatik jaso dugu elkartasuna. Irudiak, bideoak, animo mezuak, besarkadak… Guzti-guztiei, bihotzez, eskerrak eman nahi dizkizuegu», dio Altsasu Gurasoak webgunearen “elkartasuna” atalak. Hilabete luze hauetan 300 lagun inguru aritu dira lanen bat egiten.

Elkarlanean harremanik ez zuten herritarrak ere batu ditu auziak. «Honek elkar hobeto ezagutzera eraman gaitu», aipatzen dute. «Nire kasuan, lanean nabil aurretik ezagutzen ez nuen jendearekin eta gehienekin hitz gutxi gurutzatua nuen aurretik», dio Idoiak. Denek aipatzen dute hau, herriak auzi honetatik atera duen irakasgai nagusi gisa. «Herritartasuna eta altsasuarren arteko gertutasuna garatu da. Harreman berriak sortu dira. Konplizitate handia hazi eta hezi da injustiziarekin bat eta herria defendatzeko indarrak batu». 

Aldiz, ez dute ezkutatzen herria «bortxatuta» sentitu dela. «Latza izaten ari da. Mina, sufrimendua, samina eta nekea eragin digute». Erasoa izatearen sentipen hori oso hedatuta dago herrian. «Kontu honek belaunaldi desberdinei eragin die, baina gazteak bereziki markatu ditu». 

Modu paraleloan prozesu judizial eta mediatikoa bizi izan dute eta egoeraren aurrean lanean jarri beharrean aurkitu dute bere burua. Eta guztiek barneratu duten hausnarketa da hau. Honek, baina, beste erronka batzuk alboratzera behartu ditu. «Zenbait kolektibok euren lanak utzi behar izan dituzte, gai honekin jarri direlako buru-belarri».

Hogei hilabeteren buruan, zazpi preso ditu Altsasuk, baina komunitate sendoagoa eta askoz elkartuago dagoen herri bat ere osatu dute. Egoera garratzenetatik atera ohi dira irakaspen nagusiak eta kontsultatutakoek hau azpimarratu dute. «Hazi egin gara». Behartuta, baina hazi. Erronka zailenei ere aurre egin diezaiokeen gizarte bat eraiki eta komunitate horren parte sentiarazi ditu gazte zein heldu. «Herri bihurtu da».