Gasteizko Alde Zaharreko bizilagunek agerraldia egin dute arabar hiriburuan, Omar auzokidea ekainaren 10ean atxilotu zuela Udaltzaingoak eta Bartzelonako Etorkinak Barneratzeko Zentro batean sartu dutela salatzeko. Omarrek ez du paperik, baina 20 urte daramatza Gasteizen. «Han dute orain, egoera berean dauden beste hainbat eta hainbat pertsonarekin, deportatua izateko zain», azaldu dute.
Jakinarazi dutenez, egoera ez da berria. 2012an Alucheko zentroan eduki zuten 56 egunez eta Argeliara bidali zuten, baina 10 egunen ostean Alacantera eraman zuten berriz ere, Argeliako dokumenturik ez zuelako. Omarrek ez du bere hatorria adierazten duen dokumenturik.
«Arrazakeria sozial eta instituzionala nahi bezala dabil Euskal Herrian, espainiar Estatuan eta baita Gasteizen ere. Beren politika arrazistak eta kolonizatzaileak medio, pertsona migratuen esplotazioaz, lanaz, energiaz eta bizitzaz elikatu izan dia eta elikatzen dira oraindik», salatu dute. Horren adidbide gisa jarri dute Atzerritarren Legea. «Giza eskubideen urraketa dakar».
Omarren kasua ez dela bakarra ere nabarmendu nahi izan dute. 2015 eta 2016ko datuei begira, ia 4.000 lagun atxilotu zituzten EAEn. «Omar askatzea exijitzen dugu eta pertsona arrazializatuen kontrako jazarpena gelditzeko eskatu Udala eta Udaltzaingoari». Era berean, mobilizatzeko eta antzeko kasuak salatzeko beharra nabarmendu dute «gure hiriko auzoetan pertsona migratuak eta arrazializatuak seguru senti eta bizi daitezen».