Asier AIESTARAN

Denak Kolitzara begira ipini dira Bizkaia Torneoaren aurkezpen ekitaldian

Irribarria-Rezusta, Ezkurdia eta Dariok osatutako taldea jo dute faboritotzat.Kanporaketak uztailaren 20an hasiko dira, baina finala abuztuaren 21ean da.

Bizkaia Torneoaren zazpigarren ekitaldia, taldeka eta hiru jokamoldetan jokatzen den bigarrena, atzo aurkeztu zuten Bilbon. Aurkezpenak parte hartuko duten sei taldeen egitura zozkatzeko balio izan zuen, eta bolak ateratzeko sei kapitain izendatu zituzten, urteko pilotari onenen rankingaren ordenari jarraituz: Altuna III.a, Rezusta, Olaizola II.a, Elezkano II.a, Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.a.

Sei taldeak, Bizkaiko zenbait mendiren izenak hartuko dituztenak, hauexek izango dira. Oiz (Olaizola II.a-Aretxabaleta, Arteaga kaiolan eta Bakaikoa kantxa guztian), Sollube (Elezkano II.a-Zabaleta, Retegi eta Ugalde), Gorbeia (Altuna III.a-Martija, Mendizabal III.a eta Peio Etxeberria), Kolitza (Irribarria-Rezusta, Ezkurdia eta Dario), Anboto (Urrutikoetxea-Albisu, Victor eta Erasun), eta Ganekogorta (Bengoetxea VI.a-Larunbe, Laso eta Urretabizkaia).

Lehenik final-laurdenetako bi kanporaketa jokatuko dira. Uztailaren 20an, Arrigorriagan, Oiz eta Ganekogorta taldeak neurtuko dira, eta neurketa horretako irabazleak Anboto izango du zain igandean bertan, 22an, Etxebarrin erabakiko den finalerdian.

Egun berean, uztailaren 22an, jokatuko da beste adarreko final-laurdena. Barakaldon izango da eta aurrez aurre, Gorbeia eta Kolitza taldeak. Kanporaketa horretatik garaile irteten den taldeak Sollube izango du zain uztailaren 29an Zeanurin jokatuko den bigarren finalerdian. Finala abuztuaren 21ean iritsiko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan Aste Nagusiarekin bat eginez.

Formatu honetan iaz jokatu zen torneoa lehen aldiz eta orduan garaipena Anboto taldearentzat izan zen, Bakaikoak buruz buru kantxa osoan eta Victorrek lau eta erdian irabazitako partidei esker, binaka Bengoetxea VI.a-Albisu bikoteak galdu egin zuelako.

Emakumezkoak, lehen aldiz

Gizonezkoen torneoarekin batera, lehen aldiz jokatuko den emakumezkoena ere aurkeztu zuten. Urrian hasiko da eta bi jokamoldetan jokatuko da, bakoitzean sei bikoterekin. Eskuzkoa, urriaren 27an hasiko da eta azaroaren 17an amaitu; paletakoa abenduaren 8an hasiko da eta 29an amaitu.

 

Martin Ezkurra hil da, retegitarren botileroa

Martin Ezkurra, retegitarren botileroa izateagatik pilota munduan oso ezaguna zena, atzo hil zen 88 urterekin. Igoan jaioa, Iruñean bizi zen, eta bertan zendu zen kirol hau bihotz-bihotzez maite zuen gizona, hitz gutxikoa baina aholkulari oso estimatua. Guztira, Buruz Buruko 17 txapelketa irabazten lagundu zuen aulkitik Martin Ezkurrak; Julian Retegirekin hamaika eta Juan Ignacio osabarekin beste sei. Gerora, Patxi Eugiren botileroa ere izan zen hainbat txapelketatan.A.A.