NAIZ+

Baxoa suspenditzeko arriskuan bretoieraz erantzuteagatik

Debekatuta izan arren, Bretainiako hamabost gaztek euren hizkuntzan erantzun dute Baxoako matematika froga, bretoieraz ikasteko eta bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.

@Lusk_BZH Twitter erabiltzaileak zabaldutako irudia.
@Lusk_BZH Twitter erabiltzaileak zabaldutako irudia.

Bretainiako hamabost gaztek, debekatuta izan arren, bretoieraz erantzun dute Baxoaren matematika froga, euren hizkuntzan bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko helburuz.

Bretainiako Karaezko Diwan eskolako hamabost ikasle izan ziren unibertsitatean sartzeko probako matematika frogari bretoieraz erantzun ziotenak, horregatik azterketan 0 ateratzeko arriskua euren gain hartuta.

Bi urte dira Bak e Brezhoneg batzordea agintari akademiko frantsesekin harremanetan dela ikasle bretoiek baxoa, edo bertako zenbait ariketa bederen, euren hizkuntzan egiteko eskubidea aitortua izan dezaten. Haatik, orain artean ez dute administraziotik erantzunik jaso.

Ekainaren 22an pasatu zuten aurtengo batxilergo froga eta haren aurrean 15 ikaslek matematikako azterketako galderak bretoieraz erantzuteko erabakia hartu zuten, batxilergoa beren hizkuntzan pasatzeko eskubidea aldarrikatuz. Gazte hauen azterketak zuzenduak izan daitezen sinadura bilketa abiatu dute Change.org orrialdean eta ia 2.000 eskuratu dituzte dagoeneko.

Euskal Herrian ere, Baxoa euskaraz aldarri

Ipar Euskal Herrian euskaraz irakasten duen Seaskaren Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek frantsesez erantzun behar dute azterketako zati gehienak. Haatik, historia, geografia eta matematikako ariketetan aukera dute euskaraz erantzuteko.

Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko hamaika ekimen, protesta eta mobilizazio egin dituzte azken urte luzeetan.