naiz

EAEn erregistratutako gorroto delituen laurdenek sexu aniztasunarekin zerikusia dute

Berdindu!, Lakuaren LGTBI kolektiboarentzako informazio eta laguntza zerbitzuak, EAEn erregistratutako gorroto delituen laurdenek sexu aniztasunarekin zerikusia dutela jakinarazi du Sexu Askapenaren eta LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean.

«Harrotasunak ez du mugarik». (FOKU)
«Harrotasunak ez du mugarik». (FOKU)

Gaur, ekainak 28, Sexu Askapenaren eta LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Erakunde, pertsona, erakunde, elkarte eta kolektibok ugarik, aurten ere, Stonewalleko matxinada eta 1969ko ekainaren 28 hartan poliziaren sarraski eta gizartearen zapalkuntza sistematikoari aurre egin zieten pertsona guztiak izango dituzte gogoan gaurko aldarrikapenetan.

Berdindu! Lakuaren LGTBI kolektiboarentzako informazio eta laguntza zerbitzuak jakinarazi duenez, gaur egun, EAEn erregistratutako gorroto delituen laurdenek sexu aniztasunarekin zerikusia dute. «Aurten, gainera, oraindik bizitza oso bat geratzen zitzaion norbait joan zaigu, eta horrek eragin digun minak bat egin du oraindik lan handia dugula erakusten diguten pertsona askoren minarekin». adierazi dute, Ekai, Ondarroako gazte transexualaren kasua gogora ekarriz .

Gaur egun, ILGA txostenaren arabera, 72 estatuk sexu orientazioa kriminalizatzen duten legediak dituzte oraindik, eta 47 legeditan baino ez da aitorpen positiborik egiten. Horren aurrean, Berdindu! zerbitzuak «egun honetan sexu askapenaren bidean egin ditugun aurrerapen guztiak ospatzera eta gaurko eguna aniztasunaren aldeko egun bihurtzen duten sentsibilizazio eta aldarrikapen ekitaldietan parte hartzera» animatu du gizartea.

Herri eta hiri ugaritan daude deituak mobilizazioak gaur arratsalderako.