naiz

Agoitz, Tafalla eta Burlatako udalek epaituak izango diren Oses eta Gulinari babesa adierazi diete

Agoitz, Tafalla eta Burlatako udalbatzek uztailaren 9an espainiar Entzutegi Nazionalean epaituko dituzten Jose Javier Oses eta Iñigo Gulinari babesa agertzeko mozioak onartu dituzte. «Torturapean lorturiko testingantzen baliogabetzea» eta «salbuespen legedia gelditzea» defendatu dute. Era berean, uztailaren 1ean, 13:00etan, Burlatako Askas plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Iñigo Gulina eta Mikel Barrios atxilotuak izan zireneko mobilizazioa, Burlatan.
Iñigo Gulina eta Mikel Barrios atxilotuak izan zireneko mobilizazioa, Burlatan.

Uztailaren 9an Burlatako bizilagun Jose Javier Oses eta Iñigo Gulinaren kontrako epaiketa hasiko da espainiar Auzitegi Nazionalean, zeintzuentzako 23 eta 18 urteko espetxe zigorrak eskatzen dituzten, urrenez urren.

Agoitz, Tafalla eta Burlatako udalbatzek auzipetuei babesa agertzeko mozioak onartu dituzte, eta horrekin batera, «torturapean lorturiko testigantzak epaiketa baten aurrean baliogabetu behar direla» exijitu dute gehiengo zabal batez. Era berean, Auzitegi Nazionalaren «desagerpena» eta horrekin batera «euskaldunak hainbeste baldintzatu duten salbuespen legedia bertan behera gelditzea» ere defendatu dute. Tafallako eta Burlatako UPN eta PSN kenduta, gainerako talde politiko guztien babesa jaso dute

Era berean, Agoitz, Tafalla eta Burlatako Udalek uztailaren 1ean 13:00etan Burlatako Askas plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Mobilizazioa hainbat elkarte, eragile, alderdi politiko, sindikatu, mugimendu eta antolakunde desberdinek babestu dute.

«Epaiketa atxilo aldian eginiko autoinkulpazioetan oinarritzen da, ostera torturak pairatu izana salatu bazuten ere», azpimarratu dute. «Tortura herritarrak beldurtzeko erabiltzen da, eta errudunik bilatu ezin daitekeen tokian autoinkulpazioak aurkitzeko».

Agoitz, Tafalla eta Burlatako udalbatzek adostutako testua espainiar Gobernuari eta Entzutegi Nazionalari berari ere igorriko zaio.