Dispertsio politikak urteko laugarren ezbeharra eragin du. Picassenteko espetxean dagoen Garikoitz Garcia Aretxabaletako presoaren bi lagunek istripua izan dute igande arratsalde honetan, bisita egin eta Euskal Herrira bidean zirenean.
Teruel pasatu ondoren, Darocako irteeran gertatu da ezbeharra. Euria medio, presoaren lagunen kotxearen atzetik zetorren autoaren gidariak kontrola galdu du eta atzekaldean kolpatu ditu. Ondorioz, Garciaren lagunen kotxeak bi buelta eman ditu gelditu aurretik. Bi lagunak onik daude.
«Euskal gizartearen gehiengoarekin batera, instituzio eta eragile sozial eta sindikalekin batera, urrunketa eta dispertsio politikaren behin-betiko amaiera exijitzen dugu», adierazi du Etxeratek prentsa ohar baten bidez.
Ezbeharra salatzeko eta presoaren senide eta lagunei elkartasuna helarazteko, elkarretaratzeak deitu ditu Etxeratek Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan.
Picassenteko (540 km) espetxean dagoen Garikoitz Garcia Arrieta preso aretxabaltarraren bi lagunek ezbeharra izan dute gaur arratsaldeko lehenengo orduan, expetxean bisita egin ondoren Euskal Herrira bueltan zetozenean #dispertsioaSTOP https://t.co/Mi30x1ojD1 pic.twitter.com/tnI76BZaXV
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) July 1, 2018
Iruñean egingo dute lehen elkarretaratzea, astelehen honetan 20.00etan Merindades plazan. Bihar, asteartez, Bilbon elkartuko dira, 19.30ean Arriagan. Donostian, berriz, asterazkenean bilduko dira, 19.00etan udaletxe ondoan. Eta azken elkarretaratzea ere, Gasteizkoa, asteazkenean izango da, 20.00etan Andra Mari Zuriaren plazan.