naiz

GazteBira ekimena egingo du Ernaik urriaren 11, 12 eta 13an Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñeko kaleetan GazteBira ekimena antolatuko du Ernai gazte antolakundeak urriaren 11, 12 eta 13an, «Euskal Herrian Bizi» kanpainaren baitan. Formakuntza tailerrak, mobilizazioak zein bestelako ekimenak antolatuko dituzte, «prekarietate kronikoaren aurkako gazte aldarria zabaldu eta antolatzen hasteko espazioak eskaintzearekin batera».

GazteBira ekimena, «Euskal Herrian Bizi» dinamikaren baitan, Hego Euskal Herriko hiriburuak zeharkatuko dituen egitasmoa aurkeztu du Ernai gazte antolakundeak. «Sistema kapitalista patriarkalak inposatutako koordenadekin hautsiz, eta bizirautera kondenatzen gaituen bizi-prekarietatearen kontrako norantzan, kaleak hartuko ditugu urriaren 11, 12 eta 13an», azaldu dute ohar baten bidez.

Hiru egunetako GazteBira Gasteizen hasi eta Iruñean amaituko da, Bilbo eta Donostiatik igaro ostean. «Hezkuntza sistema, enplegua eta etxebizitzaren bueltan pairatzen dugun problematika iraultzeko lehen planteamendu eta urratsak emateko aukera izango dugu». Horretarako, formakuntza tailerrak, mobilizazioak zein bestelako ekimenak antolatuko dituzte, «prekarietate kronikoaren aurkako gazte aldarria zabaldu eta antolatzen hasteko espazioak eskaintzearekin batera».

«Bizi edo biziraun, ez dago beste aukerarik. Bide okerretik garamatzate eta gu, kontrako norantza hartzeko prest gaude. Euskal Herrian bizi nahi dugu eta honetarako, gazteon oraina borrokan da», gehitu dute.