Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Interview
TXOMIN POVEDA
SOZIOLOGIAN DOKTORE-GAIA

«Herri dinamikek sustatu duten bide instituzionalak ekarri ditu aurrerapenak»

Txomin Povedak ( Urruña, 1992) Ipar Euskal Herriko praktika militanteak sakonki aztertu ditu. Soziologia doktore-gaia da UPPAn eta Baionan antolaturiko udako ikastaroetan buru-belarri lanean atzeman dugu ikertzaile gaztea.

Iker laborategiaren baitan iaz Baionako fakultatean garaturiko ariketa kolektiboa izan da Etxepare lizeoan, atzo eta gaur, Udako Ikastaroen karietara antolaturiko gogoeta saio bikoitzaren oinarria. «Azkenaldian dinamika sozial eta politiko interesgarriak jarri dira martxan eta horren aitzinean azterketa orokorra egitea dugu xede», azaldu du Povedak.

Ipar Euskal Herrian gizarte zibila eta botere publikoak elkarrekin arituz ikusi ditugu maiz, oso bestelako lan esparruetan gainera. Nola irudikatzen duzu harreman hori?

Hori da geure buruari pausatu diogun galdera nagusia. Paradigma berri bat sortzen ari da? Ez dakit erran dezakegun eskema berria sortu dela, baina hala bada, harremantzeko modu diferente hori gakoetako bat litzateke, ziur.

Herri dinamikaren eta erakundeen artean abiatu den dialektika berri horri zer gaitasun eta zer arrisku sumatzen dizkiozu ?

Esparru teorikotik ahal ditut arrisku batzuk nabarmendu. Alde batetik, herri aldarrikapenak erakundeen esparruan sartzen direnean gerta daiteke herri mugimenduaren desaktibatze prozesu bat. Bestalde, botere publikoek herritarrek eraman dituzten aldarrikapenak bereganatzen dituztenean herriari dagokion begirale papera murrizteko joera garatu dezakete. Ipar Euskal Herrian bi eremuen arteko artikulazioa aski berria denez, merezi du egindakoaz eta egin daitekeenaz gogoeta egitea.

Artikulazio horren ondorioz erakundeek eta gizarte zibilak izaera aldatu behar dute?

Ez dakit aldatu behar duten ala ez, baina aldatzen ari dira. Kontua da nola ikasten den aurreneko esperientzietatik ahal den neurrian eragin txarrenak saihestu ahal izateko.

Zeintzuk lirateke ondorio kaltegarri horiek?

Finean, herri mugimenduak aitzinamendu batzuk lortzen baditu, arriskua da horretan gelditzea eta herriak garraiatu dituen eskakizunei itzulpen instituzionala ematea soilik, borroka horien potentzial askatzailea galbidean jarriz.

«Ipar Euskal Herriko ereduaz» mintza daiteke? Zeintzuk dira bere osagaiak?

Gehienbat kultura politikoa eta esperientzia militantea nabarmenduko nituzke. Ipar Euskal Herria eremu biziki «movimentista» da. Badira sektore asko bizirik: laborantza, kultura, euskalgintza, hezkuntza, arlo ekonomiko eta tokiko finantzen eremua... Gure artean borroka konkretu anitz sortu dira, jendea hunkitzen dutenak. Dinamika horiek hainbat ezaugarri amankomun dituzte: denborak ondo kudeatzen dituzte, helburuak ondo irudikatzen dituzte, lorpenak argiki identifikatzen dituzte. Hamaika adibide ditugu: Stop Mines mugimendua, AHT, ahateak hiltzearen kontrako laborarien dinamika... Ipar Euskal Herria, bestalde, lurralde bakarrenetarikoa da non aitzinamendu esanguratsuak lortu diren bide instituzionala herri dinamiketatik jorratuz. Euskal Elkargoak aitorpen ofiziala egin die euskarari eta okzitanierari. Ez da aski, ziur, baina luzetatik datorren herri borroka egikaritze fase berri batean sartu da.

Militantismoa krisian dagoen garaian, nola azaldu herri dinamiken indar berri hau?

Egun engaiamendua beste mota bateko egituretan ematen da eta alternatiba eraikitzeko prozesuetan gauzatzen da batik bat. Zehazki, 300.000 biztanle dituen lurralde honetan euskal monetak 3.000 kide ditu. Pertsona bat ehunen gain. Izugarria. Iragan maiatzaren 4an, berriz, Kanbon, nazioarteko konferentzia eta Baionan, sazpi mila pertsona euskarazko hezkuntzaren alde. Egun berean ondo irudikatu zen paradigma aldaketa hori. Eskema baten bukaera Kanbon eta eskema eraginkor baten irudikapena Baionan. Biak arrakastatsuak, gainera. Aldaketa hori da: jende gehiago prest da konpromisoa hartzeko, baina xedea argia, zehatza eta neurtua bada. Finean, agian gauzak ez dira hainbeste aldatu: lehen bezala, oraingo jendeak sentitu behar du plaza hartzea merezi duela, zentzua duela.