NAIZ
DONOSTIA

Nagore Laffage gogoratuko dute Irunen, Yllanesek hil zueneko hamargarren urtemugan

Irungo Udalak eta herriko emakumeen elkarte desberdinek Nagore Laffage gogoratuko dute, haren oroimenez pankarta bat jarrita, Jose Diego Yllanesek hil zuenetik hamar urte betetzen direnean.

Ekitaldi jendetsua egin zuten astelehenean Iruñean, Nagoreren omenez. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Ekitaldi jendetsua egin zuten astelehenean Iruñean, Nagoreren omenez. (Idoia ZABALETA/FOKU)

«Por tu ausencia Nagore, zure oroimenez» izango da Iruneko udaletxeko balkoian jarriko duten pankartaren leloa. 

Udaleko eta zapi morea jantziko duten herriko emakumeen elkarteetako ordezkariez gain, Nagore Laffageren senideek ere parte hartuko dute. 10.00etan jarri dute hitzordua. 

Iruñean bezala, Irunen ere kolore morez argiztatuko dute udaletxea. 

Aurten, Nagoreren ama, Asun Casasola, izan da Irungo jaietako pregoilaria. Atzo elkarrizketatu zuten Casasola Infozazpi Irratian eta indarkeria matxistaren aurrean jendarteak erakutsi duen mobilizaziorako gaitasuna nabarmendu zuen, baina justiziaren jarreraren aurrean kezka agertu zuen.

Bestalde, Helena Taberna zuzendari altsasuarrak jakinarazi zuen Nagore Laffageren kasuaren inguruan egin zuen ‘Nagore’ film dokumentalaren eskubideak aske utzi dituela, edozein elkartek proiekzioak antolatzeko aukera izan dezan.

Erabaki honen helburua da indarkeria matxistaren inguruan eztabaida soziala piztea.

2008ko sanferminetan hil zuen Laffage Jose Diego Yllanesek, sexu harremanak izateari uko egin zionean.

Yllanes epaitu zuen zinpekoen epaimahaiak gertatutakoa «homizidioa» izan zela ebatzi zuen eta ez «erailketa», akusazioek eskatzen zuten legez. Hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 

Martxotik baldintzapeko askatasunean dago Yllanes, nahiz eta aurrez ere izan zuen kalera ateratzeko aukera.