Joseba Asiron Iruñeko alkateak 2018ko sanferminen balantzea egin du. Prentsaurrekoa eman du, eta harekin izan dira Itziar Gomez eta Maider Beloki zinegotziak ere.
Asironen arabera, «bikainak» suertatu dira aurtengo sanferminak. «Giro ona» nagusitu dela nabarmendu du, baita ezbehar nabarmendik gertatu ez dela ere. «Urteetako sanfermin jairik hoberenak izan dira aurtengoak; guztiok nahi genituen festak berreskuratu ditugu», nabarmendu du.
«Guztiak balio duen» sanfermin ereduari amaiera eman zaiola gaineratu du, eta horretarako Udal Gobernuaren zein milaka herritarren lana goraipatu du.
Sexu erasoekin zerikusia duten salaketak erdira jaitsi direla nabarmendu du –sei aurten, hamabi irahan urtean– eta, zentzu horretan, hiriak sexu gehiegikerien aurka erakutsitako «konpromisoa, irmotasuna eta determinazioa» goraipatu ditu. «Sanferminak seguruago dira orain emakumeentzat».
Datuei erreparatuta, azaldu du 1,5 milioi pertsonek baino gehiagok hartu dutela parte jaietarako antolatuta zeuden 490 ekitaldietan. Bereziki hazi dira etxeko txikienentzat prestatutako ekitaldietan izandako parte hartzea –%5,5–, baita Foruen Plazan antolatu diren kontzertuen ikusle kopurua ere.
Jende gehien, baina, su artifizialak ikusteko batu da –434.000 pertsona. Erraldoi eta buruhandien konpartsak ere jendetza erakarri zuen –190.000 jarraitzaile–.