NAIZ+

«Gastrokrisia» gaindituta, Gipuzkoara egin du salto Euskarabenturak

Arabako Lautadatik sartuko da Gipuzkoan gaur EuskarAbentura. Aguraindik Zerainera abiatu dira autobusez eta datozen egunetan Tolosa, Hernani eta Irun izango dituzte jomuga. Dagoeneko 210 km-tik gora egin ditu oinez Euskarabentura espedizioak Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Araban barrena.

Nafarroa atzean utzita, autobusez sartu zen espedizioa Errioxara lehenago – Donemiliaga Kukulako Yuso eta Susoko monastegietara- eta Añanara ostean, uztailaren 12an. Gatz-haranean orain 7000 urte inguruko biztanleen bizimodua ezagutu, eta gaur egun gatz larrainak berreskuratzeko egiten ari den lanaz jabetzeko aukera izan zuten gazteek. Interes handia piztu zitzaion askori; gainera ur-gaziak askoren zauriak arindu zituen.

 

Añana – Gesaltzako gaua berezia behar zuen: herriko igerilekuan astronomia ikastaroa eta vivac egitea aurreikusita baitzegoen. Gauak aurretik ezarritako gidoia jarraitu zuen goizeko 06.00ak arte, baina egunsentiarekin batera ekaitza heldu zen, eta euriak esnatu zuen espedizioa. Mila izarreko hotelean dutxa ere doan! Andrea Diez gazteari lo zakua busti egin zitzaion, «espero dut gaur lehortzea, ez genuen horrelako ekaitzik espero».

Ostiralean, etapa motza zuen aurretik Euskarabenturak -18 km- baina abentura hasi zenetik bi aste igarota, nekea nabaria zen gazte eta helduen artean. Argantzunen, Trebiñuko errealitatea ezagutu zuten jzioquitarrek, Ikastolako Ekaitz Lotina eta Saioa Urizarren eskutik. Askori arrotza egin zitzaien administratiboki Burgosen zeudela jakiteak. Ainhoa Moron xerpak aitortu zuenez, «egoera ezagututa ere, ez nekien ikastolak aurrera egiteko hainbeste zailtasun zuenik», aitortu zuen.

 

Gauean sorpresa ederra izan zuten: En Tol Sarmiento – E.T.S. – musika taldeko Iñigo Etxezarretak bisita egin zion taldeari. Etxezarretak euskararekin duen harremana azaldu zien gazteei, baita hainbat abesti kantatu ere.

Gasteiz izan zen larunbateko etaparen helmuga, espedizioak bisitatzen duen laugarren hiriburua jada. Armentia ingurutik hirira sartu eta TUVISAko hiri-autobusak laranjaz bete ziren. Autobusek Gamarraraino eraman zuten taldea, bertan senitartekoen mimoak jasotzeko tartea izan zutelarik. Arratsaldean, Gasteizko Udaleko Euskara Zinegotziarekin, Iñaki Prusillarekin, argazkia egin ostean, Alde Zaharra ezagutzeko bertso bisita gidatua eskaini zuten Aroa Arrizubieta eta Manu Bendala bertsolariek. Hainbat gazte ere bertsotan animatu ziren.

Asteburua ez da erreza izan jzioquitarrentzat, izan ere, hainbat lagun gorako eta beherakoarekin izan dira, eta medikuak zein erizainak lan nahikotxo izan dute. Halere, ez da ezer larririk gertatu eta dagoeneko taldekide guztiak osatu dira. «Gastrokrisia gainditu dugu», bota zuen Aitor Salaberria xerpak, gaixoetako batek.

Igandean, trenez egin zuen etapa espedizioak, Gasteiztik Aguraineraino. Bertan, Ane Pedruzok eta Beñat Garaiok Arabako errealitate soziolinguistikoaren berri eman zuten eta “quizz” batekin arreta gehien jarri zutenak saritu zituzten. Ostean, Iñaki Viñaspre bertsolariak giroa berotu zuen bertso-rapa, free style, beat box, dance hall eta bestelakoak partekatuz gazteekin. Bazkalostean, berriz, Badaiotz sokatira taldeko Ruth Linazak eta Garbiñe Lopez de Uraldek sokatiraren gakoak hurbildu zizkieten gazteei, eta hainbat tiraldi egin zituzten.

 

Kirolaren ostean, Asier Lafuentek, Lautadako Euskararen Komunitateko kideak, Euskaraldia zer den azaldu zien gazteei. Azaroan, Euskal Herri osoan garatuko den euskararen erabilera sustatzeko aktibazio ariketaren harira erronka bat proposatu zion espedizioari, «Lautadan zaudeten bitartean dena euskaraz egitea».

Gaur, gorriz margotutako etapa gogorra zuen aurretik Euskarabenturak, baina eguraldi iragarpen txarra eta asteburuko gaixotasunak kontuan hartuta Zeraineraino autobusean joatea erabaki du antolakuntza taldeak. Horrela, Agurain inguruan kokatutako Sorginetxe trikuharria ezagutzeko tartea izango dute batzuk; besteek, berriz, goiza lo egiteko eta deskantsatzeko aprobetxatuko dute.

Hurrengo lau egunetan Gipuzkoa zeharkatuko du 130 lagunez osatutako espedizioak. Zerain, Tolosa, Hernani eta Irun izango dira hurrengo helmugak eta lotarako lekuak.