GARA
GASTEIZ

Blusen eta Nesken Egunean, 26 taldek hartuko dute parte barrika lasterketan

Tradizioak ere moldatu daitezkeela erakutsi zuen Gasteizek duela bi urte. Oraingoan hirugarrenez biratuko dituzte ardo upelak kaleetan barrena, asto lasterketa alde batera utziz, sari oparo bat lortu nahian.

Guztira 26 taldek parte hartuko dute bihar barrika lasterketan. Nesken eta Blusen Egunean egin ohi zuten asto lasterketa ordezkatuko dute hirugarrenez, eta hamabost kuadrillatako lagunak taldetan bildu eta Bastidako Mitarte ardotegiko 225 litro dituen upela irabazten saiatuko dira. Wine City elkarteak eta Nesken eta Blusen Batzordeak antolatu dute norgehiagoka, Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren, Arabako Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren babesarekin.

Uztailaren 25eko ospakizuna Barrika Lasterketa txikiarekin hasiko da, zeina lehen aldiz ospatuko duten aurten. Ondoren helduen lasterketan parte hartuko duten taldeek desfilea egingo dute, Martin Fiz atleta olinpikoaren laguntzarekin. Honek emango dio lasterketari hasiera (11.30); hiru errelebotan egin beharko dute korrika kalean gora eta behera upelari birak ematen.

«Duela hiru urte kalitate handiko ardoa Arabako hiriburuko jaiekin elkartzea bururatu zitzaigun, eta ziur geunden ekimenak harrera ona izango zuela. Halere, iazko ikusleen zifrak denok harritu gintuen. Aurtengoan iazko 25.000 ikusleak gainditzea espero dugu», esan zuen Francisco Javier Elejalde Wine City elkarteko idazkariak.

Lasterketa bitxi hau 2016an egin zuten lehen aldiz, Udalak 1962tik geroztik egiten zuten asto lasterketa debekatu zuenean. Hala, abereek eraman beharrean zama, blusak eta neskak hasi ziren garraiatze lan horiek egiten. 57 kiloko barrikak hautatu zituzten. Txapelketarako espresuki egin zituen Oiongo enpresa batek lehen urte hartan, kolpeak hobeto jasateko errefortzu bereziekin josiak. Sari berezia –225 litro ardo– Arabako Errioxako ardotegi batek ematen du urtero; lehena Luis Cañas izan zen.

Baina ideia ez zitzaien hutsetik bururatu. Italiako Toscanako Montepulciano herrian zaldi lasterketa egiten zuten XIV. mendeaz geroztik, baina 1974an upel txapelketa batengatik ordezkatu zuten.

Ibilbide malkartsua

Ibilbidea iazko berdina izango da. Taldeak Plaza Berritik abiatu eta Andre Maria Zuriaren plazatik igaro ostean, Mateo Moraza kaletik igo, Agirre Lehendakariaren kaletik pasa eta berriro Plaza Berrian amaituko dute. Bi lagunen artean eraman ahal izango dute upel bakoitza, eta lehen bikote horrek amaitzen duenean, lekukoa hartuko dio talde bereko beste bikote batek. Esan bezala, hiru txanda egongo dira.

Gainera, ibilbide osoan Gaztedi errugbi taldeko boluntarioak arituko dira zaintzen upela denbora guztian biraka egon dela eta, ibilbide osoan gutxienez, pertsona batek ukitu duela. Helmugara iristen den lehen talde mistoarentzat izango da saria.

Era berean, beste sari txikiago batzuk ere banatuko dituzte: Arabako Errioxako ardoa, Arabako Txakolina edota Arabako Errioxako esperientzia kutxak banatuko dira Santiago egunean. Plaza Berrian egingo dute trebeenentzako sari banaketa.

Santiagotik aurrera...

Abuztuaren 4an iritsiko dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak, baina Zeledon iritsi bitartean Blusak eta Neskak irrikatzen egoten dira Santiago eguna noiz iritsiko. Egun handia denez, hiri osoko jendea erdigunera gerturatu ohi da. Mugikortasun hori errazteko, Euskotrenek tranbian zerbitzu berezia eskainiko du bihar.

Gaur 23.10etik biharko 06.30era ibiliko da zerbitzu berezia, eta 30 minutuan behin zirkulazio bat eskainiko du Legebiltzarra-Abetxuko eta Legebiltzarra-Ibaiondo tarteetan, bi noranzkoetan.

Halaber, bihar, Legebiltzarra-Angulema tartean ez da zerbitzurik egongo 13.00etatik aurrera, eta ohiko zerbitzua zenbait tranbia berezirekin indartuko da: Ibaiondo-Angulema 11.48an eta Kañabenta-Angulema 11.42an eta 12.27an.

Asteazkena ekitaldiz betetako eguna izango da, jakina, baina jaiak hasteko falta diren egunak ere ez dira esku hutsik etorriko. Izan ere, ostegunean azoka berezia zabalduko dute Carmelo Bernaola ibilbidean eta arratsaldean padel zein pilota txapelketak izango dira. Ostiralean, hipika proba egingo dute goizean, eta larunbatean, LIV. Mus Txapelketaren kanporaketak jokatuko dituzte. Era berean, 19.30ean, Urban Rock Concepten I. Rock Jaialdia abiaraziko dute. Igandean dantzaldia izango da Florida parkean, eta pare bat egun lasairen ostean, abuztuaren 2an Blusen eta Nesken Batzordeak eta GEU elkarteak elkarrekin duten txosna inauguratuko dute. Abuztuaren 3an, hurrengo aste osoan datorrenerako motorrak berotzea besterik ez da faltako.