NAIZ

Aste Nagusiko astelehenean jokatuko du ligako lehen partida Athleticek San Mamesen

Athleticen ligako lehen partidaren ordutegia ezagutarazi dute eta abuztuaren 20an izango da, gaueko 22.00etatik aurrera San Mamesen. Aste Nagusiko astelehenean jokatuko da Leganesen kontrako partida eta erabakia ez da gustukoa izan hainbat zale zuri-gorrirentzat.

Susaeta eta Capa, Amorebietaren aurka jokatutako partidan. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Susaeta eta Capa, Amorebietaren aurka jokatutako partidan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Athleticek ez du aurtengo denboraldian Europako txapelketarik jokatuko eta horrek partida asko ostiral eta astelehenetan jokatzea suposatuko du. Lehen jardunaldiko ordutegia ezagutarazi berri du klubak eta abuztuaren 20an, astelehena, izango da estreinaldia San Mamesen Leganesen kontra. Gaueko 22.00etatik aurrera jokatuko da norgehiagoka Bilboko Aste Nagusiko jaien baitan.

Erabakia ez da gustokoa izan hainbat zalerentzat eta bere kexa agertu dute sare sozialetan ordutegia eta batez ere eguna jakin bezain laster. Egutegiaren zozketa egin eta aurkariaren izena jakin ostean, klub zuri-gorritik partida igandean, abuztuak 19, jokatzea espero zutela esan zuten.

Ligako bigarren partida ere San Mamesen jokatuko du Athleticek Huescaren kontra hurrengo astean. Ordutegia erabaki gabe dago oraindik eta ikusteke dago Aste Nagusiko bigarren asteburuaren inguruan jokatzen den -abuztuaren 24tik 26ra- edo jaiak amaitzerakoan -abuztuak 27, astelehena-. Hirugarren jardunaldian Vallecasen jokatuko dute Rayoren aurka eta Real Madril izango da San Mamesen laugarren jardunaldian.

Bien bitartean, Athleticen lehen taldeak lanean jarraitzen du Herbereetako De Lutte herrian egiten ari den egonaldian.