Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Eredu anitzez osatutako bestak hasi dira Baionan

Giro bikaina festei hasiera emateko Baionako Gazte Asanbladak hamaikagarrenez egin zuen irekiera ekitaldian. Patxa plaza da aurtengo festa alternatiboen erdigune, baina inguruan beste gune batzuk ere badira.

Atzo hasi ziren Baionako bestak, pluralean, izan ere, egitarau ofizialaz harago elkarte anitzek osatutako egitarau alternatiboak ere badira, eta guztien artean, bestez osatutako besta handi bat bilakatzen da Lapurdiko hiriburua bost egunez.

Urtero lez, Gazte Asanbladak 20.00etan ezarri zuen «Baionako Besta Alternatiboak» abiarazteko irekiera ekitaldia. Pyrénées ostatuaren gainaldean den leihoan, Mattin Lerissa Behorlegiko kantaria izan zen mikrofonoa hartzen lehena. Jarraian, Zizpa gaztetxeko kide batek hitz egin zuen eta ondoren bertsolariaren txanda izan zen. Txupinazoa botatzeko ohorea berriz, eraso sexisten kontrako kolektiboei egokitu zitzaien.

Aurten garrantzi berezia izango du Patxa plazak, Udalak izen ofiziala onartu eta orain arte aparkalekua zena herritarrentzako gune bilakatu baita. Ondorioz, Zizpa gaztetxeko kideen esanetan, «Patxa plaza festa euskaldun, herrikoi eta parekideen gunea» izango da.

Bestelako elkarteek antolatutako egitarau alternatiboak ere izango dira, hori bai, guztiak Baiona Ttipian. Patxokik esaterako, 30 urte beteko ditu egitarau propioa antolatzen. Egunero hiru kontzertu eskainiko ditu eta eguerdiro elkartuko dira euskal kantuak abesteko.

Gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzen dituen Txalaparta lagunarteak berriz, gauero drag queen abeslarien emankizunak eskainiko ditu Jakes Lafitte karrikan.