NAIZ+

Genero indarkeria sendatu nahi duen ipuina

Yucataneko haurrek osatutako ipuin bati tiraka ‘Haur Galdua’ bideo-ipuina osatu dute Oiartzungo zenbait umek, genero indarkeria eta honek haurrengan eragiten duen sufrimendua azaleratu asmoz.

Haur Galdua from Ventana a la Diversidad on Vimeo.

Genero indarkeria eta honek haurrengan eragiten duen sufrimenduaren gaia azaleratu nahi du ‘Haur Galdua’ ipuinak.

Haziak ekimenak Oiartzungo haur talde batekin egindako ekimen bat da, haatik aniztasuna ardatz duen kulturen arteko proiektu zabal baten barruan kokatua dago. ‘Haur Galdua’-ren ideia Vedi, Ventanas a la Diversidad proiektuko kideekin harremanetan jarri ondoren sortu zen.

Vedi-ko kideak Donostiako Tabakalera eraikinean dauden arren, egitasmo ugari dituzte martxan munduan zehar. Horietako bat da “Irudizko mugak” (Fronteras imaginarias). Herri bakoitzak ardatz hartzen duen arazo bati ipuin edo istorio baten bidez konponbidea bilatzea da egitasmoaren xedea. Emaitza beraz, zauriak artatuko dituen ipuin sendatzaileak egitea da.

Ipuinek jendarteko arazo jakin bat agerian uzten dute. Oiartzunen adibidez, genero indarkeria hartu dute gai gisa, eta testuinguru horretan haurrek pairatzen duten sufrimendua. Ipuina osatuz gaiaren inguruan lanketa egiten dute, hausnarketa eraginez.

Abiapuntua Yucataneko (Mexiko) Hunucma herriko ahozko istorioan dago, ‘La X’tabay’. Ipuin horretan alkohola edaten duen haurrari La X´tabay emakumea agertzen zaio. Kondairak dio edaten duten haurrak eramaten dituela La X´tabayk eta haurrek arriskutik aldentzeko duten modu bakarra edateari uztea dela. Ipuin horrek Yucatanen dagoen arazoa (haurrek duten edateko ohitura) agerian uzten du.

Oiartzunen osatutako lana aldiz, Latinoamerikara itzuliko da berriro eta bertan beste haur talde batek hau ikusi, ulertu eta bere erantzuna emango dio.