Gasteizko Txosnak: «Eguneko egitarauari garrantzia berezia ematen saiatu behar gara»
Atzera kontuak nahi baino ordu gutxiago ditu jada, hasi dira muntaketa lanak Gasteizko txosnetan eta eskaintzaren bertuteak dituzte hizpide Izaskun Goienetxeak (Askapena) eta Jon Sanchezek (Hala Bedi), baita gabezi izan daitezkeenak ere: ereduaz, kokapena, eskaintza...
Txosnagunera hurbildu, kontzertu bat ikusi, trago bat hartu eta etxera. Jende askroen plana izan daiteke hau, baina horren atzean badago lan handia. Hala Bediren kasuan, zer suposatzen du txosna bat jartzeak (txandak, egunak, zaintzak...)?
Jon Sanchez: Urte arruntetan, txosnak sei gauez egoten dira zabalik, baina Txosna Batzordea urte guztian zehar biltzen da hori hala izan dadin eta, beraz, bilera horietan egon behar da. Horrez gain, kolektibo gisa, bizpahiru hilabete lehenagotik hasten gara txosnaren txiparekin lanean, Gasteizko beste jai herrikoi batzuetan ere ipintzen dugulako txosna. Gasteizko jaiei dagokienez, txanda mordoa dago, zaintzak, txanda partekatuak... Kolektiboko kide direnek eta ez direnek betetzen ditugu horiek. Gainera, txosnagunean tokatzen zaigun kokapenaren arabera, jendeari eskaintza ezberdinak egiten saiatzen gara, janarian, edarian edo arlo ludikoan. Gure kasuan, aurtengo jaietan 35 urte beteko ditugu, eta horrek ere sorpresak ekarriko ditu Hala Bediren txosnara.
Eta Askapenaren kasuan?
Izaskun Goienetxea: Lan handia suposatu arren, lan politikoa egiteko balio du. Jende askoren artean egiten den lan kolektiboa da, beraz, hortik esperientzia asko elkartrukatzen dira. Elkarrrengandik asko ikasten da: elektrizitatea nola jarri, kañak zerbitzatzen ikasi... Formakuntza kolektiborako espazio gisa uler daiteke txosna bat. Gainera jaiak bizitzeko beste modu bat da, edonorentzako oso aberasgarria dena zalantzarik gabe. Askotan, parrandan baino hobeto pasatzen dugu txosnan bertan.
Zentzua dauka txosnak 3an irekitzea 4an hasten direnean jaiak?
J.S.: Abuztuaren 5a da jaietako egun handia baina, praktikan, 4a da egun potenteena askotan. Aurten biak asteburuan tokatzen direnez, ostirala ere sartzea pentsatu genuen, beti gogotsu hartzen ditugulako jaiak. Txosnak kolektibo askoren birika ekonomikoa dira, eta kontziente gara abuztuaren 3an jende asko aterako dela, jaiak iristeko irrika hori dela-eta. Beraz, zergatik ez luzatu, gau bat gehiago sartuta?
Betiko hitzetatik haratago, nola definituko luke Izaskunek txosnagunea eta entxosnazio mugimendua?
I.G.: Beste balio batzuetan oinarritzen den espazioa da txosnagunea. Jai giroan lasai eta "etxean" bezala sentitzeko gunea. Espazio segurua ere bada, edozein motatako erasoak (sexistak, arrazistak, xenofoboak...) gertatzeko printzipioz aukera gutxiago egon beharko lukete, lehen esan bezala beste balio batzuetan oinarritzen delako gunea bera.
Aurten ere mugimendu feministak eta emakumeek oro har espazio propioak aldarrikatzeko egunak eta tokiak izango dituzte. Horren erakusle, txosna feminista eta abuztuaren 8ko kontzertuak (denak emakumeak). Nola baloratzen duzu aurreko urteetako esperientzia?
I.G.: Kontzertuetatik baino askoz haratago doan eguna izango da 8a, bazkaria eta ekitaldi politikoa barne. Gainera ezin dugu ahaztu txosnagunea bera gune parekide eta feministatzat ulertzen dugula, beraz, 8az gain balore feministak egunero egongo dira presente txosnsgune osoan. Zalantzarik gabe, urtetik urtera izugarrizko lana egin du mugimendu feministak jai eredu parekide batzuen alde, dena den, esan beharra dago oraindik bide luzea dugula egiteko jai eredua errotik eraldatu eta emakumezkoontzako ere izango diren jaiak izan daitezen.
Urteak dira Gasteizko txosnak kanpusean kokatzeko apostua egin zenetik? Modu pertsonalean bada ere, eredua agortu dela uste duzu edo oraindik jende gheiago hurbiltzeko aukera dago?
J.S.: Herri-mugimenduko kide gisa, uste dut beti egon behar dugula etengabeko hausnarketan, errebisioan. Agortu dela esatea askotxo esatea izan liteke, baina badira beste aukera batzuk. Horiek aztertu behar ditugu kolektiboen kolektibo gisa (halaxe ikusten baitut txosna-batzordea, kolektiboen kolektibo gisa), gure egungo erosotasunetik atera eta erabaki ausartak hartu. Birika ekonomikoa aipatu dut lehen, baina txosnak ez dira hori bakarrik, askoz harago doaz, jai herrikoien eta herri-mugimenduaren ispilu baikara. Ekonomikoki mesedegarria izan daiteke urtebeteko epean baina, epe luzera begira, eredu honek gure helburu eraldatzaileetara hurbiltzen gaitu?
Betiko galdera izanda ere, urtero suertatzen den buruhaustea da. Nola sustatu daiteke eguneko jaia gauen hainbeste zentratu gabe? Txosnak horretarako tresna izan daitezke?
I.G.: Txosnagunea kontraboterea sortzen duen espazioa dela ulertuta, eguneko egitarauari garrantzia berezia ematen saiatu behar dugu eta adin guztietarako proposamena gorpuztu. Zentzu honetan, abuztuaren 3tik 9ra egunean zehar egingo diren kalejira, antzerki, tailer eta ekitaldietan parte hartzeko deia egiten dugu.