NAIZ
GASTEIZ

Hiart Nevado eta Unax Montejo izango dira aurten Edurne eta Zeledon Txiki

Zoroak taldeko Hiart Nevadok eta Luken-eko Unax Montejok irudikatuko dituzte Gasteizko jaietako protagonistetako bi: Edurne eta Zeledon Txiki.

Edurne eta Zeledon Txikiri harrera egin diete Gasteizko udaletxean. (@vitoriagasteiz)
Edurne eta Zeledon Txikiri harrera egin diete Gasteizko udaletxean. (@vitoriagasteiz)

Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol Zinegotzi Estibaliz Cantoren eskutik euritako bana jaso dute Hiart Nevadok eta Unax Montejok, aurtengo Edurnek eta Zeledon Txikik.

Euritako horiekin festarako deia egingo dute Gasteizko jaietako txikien egunean, hilaren 7an, eguerdiko 12.00etan.

Nevadok «poza eta ilusioa» agertu ditu Gasteizko jaietan Edurne irudikatzeko aukeraren aurrean eta, Montejok, aldiz, udaletxean egin dieten harrerarengatik esker ona adierazi du.

Biei festaz gozatzeko deia egin die alkateak eta dagozkien pertsonaiak «oso ondo irudikatuko dituztela» ziur dagoela esan die.

Urtaranek aurtengo berritasun bat gogoratu du, abuztuaren 7ko Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera Andre Maria Zuriaren plazan egingo baita. Plaza Berria baino handiagoa izaki, festaz erosoago gozatzeko aukera izango dela nabarmendu du alkateak.

Bi pertsonaiak San Miguel elizatik jaitsiko dira, hilaren 4an Zeledonek erabiliko duen kable berbera erabiliz.

Lehen bi kable erabiltzen ziren pertsonaien jaitsierarako, baina aurten gailu berezi bat baliatuko dute biak kable beretik jaitsi daitezen, bata bestearen atzetik.