Donostiako Aste Nagusirako atzerako kontaketa martxan dagoela, prestatutako egitarau oparoa aurkezteko agerraldia egin dute Piratek.
‘Kaia, jaia eta iraultza alaia’ leloarekin «jaiaren erdigunea den kaiko eremua aldarrikatu» nahi dute Donostiako Piratek, «urtez urte kaia erabiltzeko jasan beharreko oztopoak» gogora ekarriz. Azaldu dutenez, udan zehar lonja berritzeko lanen ondorioz jai gunea birplanteatu behar izan dute: kontzertuetarako eszenatokia berdin mantenduko dute, baina aurreko urteetan Lasta gunea izenez ezagutu dena desagertu egingo da. Bertan txosna jarri eta eszenatoki txiki bat ere muntatuko dute. Hortaz, kontzertu eta txosna gune horrek guztiak osatuko du Flamenka Gunea.
Hala ere, Donostiako Piratek kaian jarraituko dute, festa giroa eta aldarrikapena uztartuz. Prestatutako egitarau oparoaren baitan, abuztuaren 13an egingo duten abordatzea da ekitaldi deigarrienetakoa. Piraten webgunean irekita dago jada izena emateko epea eta, ohartarazi dutenez, hiru txanda baino ez dira egongo baltsa muntatzeko, 10.00etatik 14.00etara.
Horrez gain, argi utzi nahi izan dute «jai gune aske bat» eraiki nahi dutela eta ez dutela inolako eraso sexistarik onartuko. Sexu erasoen aurkako protokoloa landu duen ‘Zirgari’ lantalde berria aipatu ondoren, Flamenka Gunetik gertu Puntu Morea estreinatuko dutela jakinarazi dute, egon daitezkeen erasoei erantzun azkar bat emateko helburua izango duena.
Bestalde, musika egitarauan ere emakumeen aldeko apustu nabarmena egin nahi izan dute, hamabost taldetatik hamaikatan dagoelako emakumezkoen presentzia: Fan&Go, The Capaces, Skakeitan, Ezetaerre, Krii kolektiboa, Mad Muasel, Niña Coyote eta Chico Tornado, Mice, Olatz Salvador, Serrulla eta Belako. Horiez gain, Des-Kontrol, ETS, Green Valley eta Anje Duhalde ere egongo dira presente.
Musikaz harago ere egitarau oparoa prestatu dute Donostiako Piratek, mugimendua osatzen duten hamabi kofradien lanari esker, auzo desberdinak festan murgiltzeko aukera ezin hobea emanez.