NAIZ
DONOSTIA

Muriel Box zuzendari eta gidoilariari atzera begirakoa eskainiko dio 66. Zinemaldiak

Donostia Zinemaldiko 66. edizioaren atzera begirakoak Muriel Box zuzendari eta gidoilari britainiarrak idatzi eta zuzendu zituen 28 film luzeak eskainiko ditu.

‘To Dorothy a Son’ filmaren fotograma bat.
‘To Dorothy a Son’ filmaren fotograma bat.

Zinemaldiko antolakuntzak azaldu duenez, Muriel Boxen (Surrey, Ingalaterra, 1905- Londres, 1991) obraren ezaugarri nagusia –1945 eta 1964 artean garatu zuen, hala zinema-zuzendari nola idazle gisa– gai konplexuak eta galaraziak tratatzea izan zen: hala nola, prostituzioa, adingabeen abusuak, abortua, seme-alaba ez-legitimoak edo nerabeen arteko sexua. Gainera, aparteko buru-argitasunez eta ausardiaz tratatu zituen gaiok, filmak zer-nolako testuinguru sozial eta politikotan egin ziren kontuan hartuta.

Boxek gai horietan egindako ekarpena funtsezkoa da berrogeita hamarreko hamarkadako eta hirurogeikoaren lehen erdiko zinema britainiarrean. Dorothy Arzner –atzera begirako bat eskaini zitzaion 2014ko Donostia Zinemaldian– eta Ida Lupino estatubatuarren kasuan bezala, haren filmografia berrikustea funtsezkoa dirudi gaur egun, diskurtso feminista batetik emakumezko errealizadoreek hainbat testuingurutan eta zinematografiatan jokatu duten rol garrantzitsua aldarrikatzeko. Zinemazaleen artean nolabaiteko prestigioa duen arren, azterlan gutxi egin dira bere obrari buruz, eta haren inguruko aipamen labur batzuk baizik ez dira jaso zinemaren historia orokorrean.

Muriel Box zinema independentearen kanonetan sailka daiteke, nahiz eta genero klasikoetako gaiak landu zituen, tartean melodrama, komedia, poliziakoa edo zinema historikoa. Haren lana, zuzendari gisa, zinema britainiarraren aldaketa-aro batean kokatzen da: ordukoak dira Ealing produkzio-etxearen komediak, beste zinemagile independente batzuen lanak –Michael Powell eta Emeric Pressburger, esaterako– eta lan dokumental kritikoen jaiotza, gero Free Cinema bilakatuko zena.

1905eko irailaren 22an jaio zen New Maldenen (Surrey), Violette Muriel Baker izenarekin, eta script modura hasi zen zinemaren munduan. 1935ean Sydney Box idazlearekin ezkondu zen eta, bien artean, handik bost urtera, Verity Films produkzio-etxea sortu zuten, gerra-propagandarako film laburrak finantzatzeko xedearekin, Bigarren Mundu Gerran. Sydneyren arreba, Betty Box –1950eko hamarkadan eragin handia izan zuen ekoizlea– lankide izan zuten. Murielek ‘The English Inn’ (1941) film laburra egin zuen Verityrentzako.

Hainbat antzezlan ere idatzi zituen, senarrarekin batera, talde amateurrentzat. Gerra ostean, senarra Gainsborough Pictureseko zuzendari egin zutenean, bera gidoigintza saileko arduradun izatera pasatu zen eta ‘The Lost People’ (1949) gerraondoko drama zuzendu zuen. Bernard Knowles hasi zen aipatutako filma zuzentzen, baina Muriel Boxek osatu zuen metrajearen ehuneko hirurogeia. 

1951n, Sydneyk London Independent Producers konpainia sortu zuen, eta garai hartan ongi ikusiak ez zeuden –ez zineman eta ez britainiar gizartean– hainbat gai tratatu zituen, ia beti Muriel Boxek berak eta senarrak idatzitako gidoiekin. Egile-begiradaren eta genero-zinemaren arteko nahasketa batetik abiatuta lan egin zuen, eta horixe da, hain zuzen, haren bereizgarri nagusietako bat.

Pribilegio batzuk izan bazituen ere, zinema-industriako hainbat aurreiritziri aurre egin behar izan zien: aurreko urtean Jean Simmons aktoreak ahaleginak egin zituen Murielek ez zezan ‘So Long at the Fair’ (1950) filma zuzendu eta, azkenean, Terence Fisherrek eta Anthony Darnboroughek zuzendu zuten. 

14 film luze zuzendu zituen 1949 eta 1964 artean –baita labur bat ere–. Horien artean, sexuen arteko gerraren inguruko komedia erromantiko bitxiak nabarmentzen dira: ‘To Dorothy a Son’ (1954), Shelley Winters protagonista duena eta pertsonaia batzuek herentzia bat kobratzeko dituzten gorabeherak ardatz dituena; ‘Simon and Laura’ (1955), Peter Finchek eta Kay Kendallek errealitatean bikotekide diren bi aktoreren rola jokatzen dute eta BBCko programa baten protagonista bihurtzen dira; ‘The Passionate Stranger’ (1957), Ralph Richardsonek txofer baten papera egiten du, eta bere ugazabandrearen –Margaret Leighton– ideia oker bat osatzen du, hark idatzitako eleberri erotiko bat irakurri ostean; ‘The Truth About Women’ (1957), Laurence Harveyk antzeztutako pertsonaiak hainbat kontinentetan izan dituen maitasun-istorio koloretsu eta exotikoak birbizitzen ditu; eta ‘Rattle of a Simple Man’ (1964), zuzendariaren azken filma, non futbolzale barnekoi baten eta prostituta baten arteko harremana kontatzen baita.

Dramaren arloan ere titulu distiratsuak ditu: ‘The Beachcomber’ (1954), W. Somerset Maughamek alkoholari, erlijioari, puritanismoari eta epidemiei buruz idatzitako obra klasiko baten egokitzapena; ‘This Other Eden’ (1959), IRAko kide bati estatua bat egin nahi dioten hiri txiki bateko tentsioak kontatzen duena; eta ‘Too Young to Love’ (1960), adingabeen prostituzio eta abortuaren inguruko istorio bat, AEBetako epaitegi batean girotua, Thomas Mitchellek epaile beteranoaren papera interpretatzen duelarik. Kontakizun kriminal bitxiak ere filmatu zituen: ‘Street Corner’ (1953), emakume polizia baten eguneroko lanari buruzkoa, erdi-dokumental gisa kontatua; ‘Eyewitness’ (1956), non emakume batek hilketa bat ikusten duen zinema-areto batean, gero autobus batek harrapatzen duen eta, ospitalean, kriminalek jazartzen duten; eta ‘Subway in the Sky’ (1959), gerraondoko Berlinen girotua eta Van Johnson eta Hildegarde Knef protagonista dituena.

1946an, Muriel Boxek jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen, senarrarekin batera idatzitako ‘The Seventh Veil’ filmagatik, zeina Compton Bennettek zuzendu baitzuen. Bera izan zen gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen bigarren emakumezkoa, Frances Marionen ondoren (bi aldiz irabazi zuen azken horrek, 1930ean eta 1932an). Errealizaziora igaro aurretik, gidoilari edo ekoizle gisa, berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetako zuzendari ospetsu askoren filmetan parte hartu zuen, besteak beste, Terence Fisher, Compton Bennett eta David MacDonaldenetan.

Zikloa zuzendariari buruzko liburu baten argitalpenarekin osatuko da; Quim Casasek eta Ana Cristina Iriartek koordinatua, Rachel Cooke, Hanna McGill, Eulàlia Iglesias eta Carlos Losillak parte hartuko dute bertan, beste egile batzuen artean.

Ziklo hau Espainiako Zinematekarekin batera dago antolatuta, Lyoneko Lumière zinema-jaialdiaren, Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekaren, Euskadiko Filmategiaren eta San Telmo Museoaren lankidetzarekin.

Behin Donostia Zinemaldian proiektatu ondoren, atzera begirakoa Espainiako Zinematekan, Madrilen, Lumière zinema-jaialdian, Lyonen, eta Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekan ikusi ahal izango da, urrian eta azaroan.