NAIZ

Tenperatura gora, berriz, kaskarraldiari bide eman aurretik

Itzalerako giroarekin ekingo diogu asteari Euskal Herrian, tenperatura altuak espero dira beste egun batez lurralde guztian. Abisu horian dira zazpi herrialdeak. Astearte arratsalderako espero da aldaketa, kostaldean nabarituko da bereziki. [Iragarpena herriz herri]

Itzala eta ura bilatzeko eguna gaurkoa ere. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Itzala eta ura bilatzeko eguna gaurkoa ere. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

30etik gora, leku batzutan oso gora, izango dira gaur egun osoan termometroak Euskal Herrian. Abisu horia ezarri dute zazpi herrialdetan Euskalmet, Meteo France eta Aemetek.

Joxe Landaren iragarpenaren arabera «zerua garbi mantenduko da eta eguzkia bistan bazterrak kiskaldu beharrean», beraz «itzalean egotea hobe». Arratsalderako brisak apur bat goxatuko du giroa eta bihar iluntzerako «ekaitz arriskua» iragarri du, «freskura ate joka».

Euskalmeten arabera 38 graduraino iritsi daiteke gaur Iruñea, 37ra jaietan murgilduta dabilen Gasteiz, 35era Bilbo eta 32ra Donostia. Meteo Francen arabera Lapurdiko kostaldean 32ra iritsiko da tenperatura eta hare gehiago berotu dezake barnealdean.

Beroagatik abisu horian dira zazpi euskal herrialdeak eta Aemet agentzia espainiarrak abisu laranja ezarri du Bizkaia barnealdean eta tenperatura 37 graduraino hel daitekeela adierazi du.

Asteartean aldaketa

Asteartea ere eguzkitsu hasiko den arren aldaketa eguna izango da, fronte hotz bat gerturatuko da gurera eta tenperaturen jaitsiera eta ekaitzak espero dira. Hori bai, goizean oraindik bero handia espero da. Arrisku handiena ekialdean izango da, trumoizko erauntsi bortitzak izan daitezke.