NAIZ
DONOSTIA

Altsasuko gurasoek botako dute Donostiako Piraten txupinazoa

Aste Nagusi Piratari hasiera emango dion suziria botatzen duen Matti pertsonaiaren papera Altsasuko gurasoek beteko dute aurten eta poz handiz hartu dute gainera gonbita. Ezkila kapitainaren rola, aldiz, Kalepoza kofradiak hartuko du. 

Donostiako Piratek kolektiboaren eta antolatzen duten Aste Nagusiaren baloreekin bat datorren aldarrikapen bat aukeratzen dute urtero festari hasiera emateko suziria botatzeko. 

Aurreko urteetan errefuxiatuei edota Sara Majarenas eta haren alaba Izarri eman bazieten Matti pertsonaiaren rola, aurtengoan Altsasuko gurasoak aukeratu dituzte. Keinu horrekin, Donostiako Piratek elkartasun osoa adierazi nahi diete Altsasuko gazteei eta haien senideei, oinarrizko giza eskubideen babesa aldarrikatuz. 

«Donostiako itsasoaren kresala ehunka kilometrotara dauden gazteengana iristea» espero dute Piratek, ohar batean adierazi dutenez. 

Kolektiboak zabaldu duen bideo batean, Altsasuko gurasoek azaldu dute gazteen alde ekainaren 16an Iruñean egin zen manifestazio erraldoiaren amaieran jaso zutela Piraten gonbita eta poz eta ilusio handiz onartu zutela. 

Eragileen arteko elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu dute. 

Kalepoza, Aste Nagusiaren kapitaina

Suziria botako duen Matti pertsonaiaz gain, Piraten Aste Nagusiaren ikur ere baden Ezkila Kapitainaren rola Kalepoza kofradiak hartuko duela jakinarazi dute, mugimendu osoak bultzatzen dituen baloreen adierazle. 

Kale Lagunak hockey taldearen inguruan dabiltzan zenbait kuadrillek osatzen duten kofradia honek kolore biziz jantzi nahi du Alde Zaharra eta jaietan lotsa eta penak alde batera utzi eta gozatzeko deia egin nahi dute. 

Piraten esanetan, gizartearen parte-hartzea, euskararen zabalpena eta feminismoa bezalako baloreekin bat egiten dutelako sortu zuten kofradia.