NAIZ
GASTEIZ

Espetxeratu egin dute Estatu Islamikoko kide izatea egotzita Gasteizen atxilotutako gaztea

Auzitegi Nazional espainiarreko epaile Santiago Pedrazen aginduz, espetxeratu egin dute asteartean ustez Estatu Islamikoko kide izateagatik Gasteizen atxilotu zuten gaztea.

Polizia espainiarrak asteartean Gasteizen atxilotu zuen gaztea, A.M.R.R., gaur pasa da Santiago Pedraz epailearen aurretik, inputatu gisa deklaratzeko.

Arabako hiriburuan atxilotu bazuten ere, Algecirasen (Andaluzia) bizi zen 21 urteko gaztea eta, Polizia espainiarraren arabera, Estatu Islamikoko kidea da, doktrinamendu lanak egiteaz gain kide berriak bilatzen zituena. 

Atxiloketaren ondotik, hiru miaketa egin zituen Poliziak, bi Algecirasen eta beste bat Gasteizen. Hainbat material konfiskatu zuten. 

Betiere polizia iturriek zabaldu zutenez, gaztea bere muturreko ideologiarengatik ezaguna zen Algecirasen eta mezularitza sistemak erabilita jendea atentatuak egitera bultzatzen zuen.