«Izan pirata» oihuak hiri oso baten arima abordatzeko balio duenean
Gauza handi baten parte zarela, eta hura zabaltzeko laguntzen ari zarela sentitzen den harrotasunarekin esaten dute Donostiako Piratek euren leloa, behin eta berriro. Umorez eta alaitasunez zipriztintzen dute parte-hartzaileagoa nahi duten Aste Nagusia. Olatu fresko bat ekarri dute.
Abordatzea izan zen Donostiako Piraten lehen ekitaldia. Egitarautik kanpo egon zen hainbat urtetan. Aste Nagusi Pirata antolatzen hasi ziren orduan, klandestinoak izango balira bezala, udalaren proposamena ukatuz, herriari herritik sortutako zerbait eskaini behar zitzaiola sinisturik. Piratak bezala, itzalpean, aritzen ziren lanean. Okasiorako zapata distiratsuak estreinatzen dituzten horietaz barre egiten ikasi zuten, Kako-oker kapitain ankerra bezalakoak baino, Peter Panen itzalaren tankeran, izaera bihurria bandera bezala hartuta.
Gero eta donostiar gehiago hasi ziren animatzen Abordatzera, eta pixkanaka jaietako bigarren ekitaldirik jendetsuena bilakatu zen. Bai, Aste Nagusiko ekitaldi ofizial guztien zerrenda egingo bagenu agian ez lirateke sartuko bi orrialde hauetan, baina horiek hainbeste dira ezen bakoitzak publiko gutxi erakartzen duen. Su artifizialak izan ezik, horiek hondartza eta inguruak jendez gainezka jartzeko gai direlako. Era berean, Abordatzeak kaia betetzen du.
Hori jakinda, nola egin ez ikusiarena? Udalak Abordatzea egitarauan sartu behar izan zuen azkenean, antolakuntza ofizialetik kanpo egon arren. Are gehiago, Piraten zigilua hiri osoan zehar zabaldu zuen, oraindik ezagutzen ez zituzten despistatuengana iritsiz. Eta aurten jada 16 urte bete dituzte. Nerabeak dira oraindik eta heldu izateko falta zaienez, akatsak badituzte, baina zientzian bezala, egitarauen osaketan ere proba-akatsa sistema erabiltzea bidezkoa da. Kontzertuekin bete-betean asmatzen dute beti, sekulako giroa lortzen baitute; herri bazkariak xumeagoak badira ere apartak dira; eta nola ahaztu Irrikitaldia. Egun horretan Piratak beraiek dira zapata distiratsuak estreinatzen dituztenak. Ez hori bakarrik; kapelak, lumak eta perlak ere nonahi daramatzate, orduan beraiek baitira «kategoriako donostiarrak».
Esan dezakegu azken hau donostiarrek gogoz itxaroten duten ekitaldia dela. Inauterietan bezala, mozorrotu eta pertsonaiaren paperean sartzeko aukera ematen du. Alde Zaharrean ibiltzen dira punta-puntako hiritarrak, belle epoque garaiko pertsonaietan oinarrituta, nahiz eta beti egiten dioten egunerokotasunari keinu kritikoren bat. Lotsa etxean utzi eta aldarrikapenak, umorez, kalean oihukatzeko eguna da Irrikitaldia. 2006tik geroztik antolatzen dute Aste Nagusia amaitu eta igande horretan bertan. Aurtengoa bihar izango da, hilaren 19an.
Baina oso jendetsu eta publikoak diren ekitaldi hauez gain, badaude beste batzuk agian zeharka pasatzen direnak, baina Piraten izaera biziki agertzen dutenak. Horietako bat da, adibidez, ospitaleko haurrei egiten dieten bisita. Beraiek ere festaren parte batez gozatu ahal izan dezaten joaten dira, baita indarra eta bizipoza banatzera ere. Ume zein helduentzako jolasek egitarauaren parte handi bat hartzen dute, baita ekitaldi kulturalek ere (ipuin kontalaria, dantzak, musika, bertsoak). Harro esaten dute euren leloa, “Izan Pirata”, eta harro egoteko modukoa bada urte gutxitan lortu dutenarekin.
50 izatetik, 4.000 izatera
Piraten mugimendua kostata poliki zabaldu zen hasieran hirian, baina behin martxa hartuta eteterik ez du. Euren webgunean azaltzen dute nola sortu ziren eta zeintzuk izan ziren lehen pauso eta kezkak. 80ko hamarkadan jai herrikoiak berreskuratzeko ahalegin ugari egon ziren baina «guztien gainetik gailentzen zen Semana Grande eredua: interes ekonomiko pribatuek kudeatzen zuten egitaraua, plaza eta kalea; gaztelania nagusi ospakizunetan eta zezenketak protagonista; herritarrak ikusle pasibo eta kontsumitzaile aktibo», kontatzen dute.
Egoera horren aurrean, zalantza bat sortu zitzaien, ea jai herrikoiak ospatzeko baimenik eskatu behar ote zuten. Horren inguruan hausnartzeko auzoetako asanblada eta batzordeak elkartu ziren eta eurenak ere baziren kaleak eta itsasoa hartzea erabaki zuten. 2003ko abuztuaren 11n itsasoratu ziren lehen aldiz, jaiak askatasunez bizitzeko espazio bat sortzeko asmoz. 50 pertsona besterik ez ziren izan lehen Abordatze hartan, baina ekitaldi umoretsuak oihartzuna izan zuen nonbait eta hurrengo urtean ederki gehitu egin ziren baltsak. Urtez urte biderkatuz eta biderkatuz, 4.000 izatera heldu dira aurrekoetan.
Alde Zaharrean aingurak bota ostean, auzoko tabernariekin aritu ziren elkarlanean eta kuadrillen arteko jolasak antolatzen hasi ziren. Gaztetxeek ere bat egin zuten eta Gau Piratak eta erromeriak antolatu zituzten hainbat urtetan. Espazio propio baten beharra izaten hasi ziren, festa handitzen ari zelako, eta orduan Flamenka gunea sortu zuren Trinitate plazan, portutik gertu baina ez uraren ondoan. 2008an lortu zuten leku pribilegiatu hori konkistatzea, eta ordutik inguruko espazio gero eta handiagoa hartzen ari dira.
Flamenkaren izena ez da kasualitatea. XVIII. mendean hirian zegoen taberna bat zen, kortsario eta piraten topalekua, egungo Fermin Calbeton kalean zegoena.
Kofradiak, lagun taldeak
Garai bateko piratak euren artean borrokatzen ziren itsasoa zeharkatzen zuten bitartean beren altxorra ez galtzeko. Egungoek duten altxorrik onena herritarrak dira, eta horiek mantentzeko modu bakarra elkarlanean aritzea da. Hori dela eta, kofradiak ez dira etsaiak, lagunak baizik. Hauek ere gero eta gehiago dira, eta bakoitzak gai bat duenez, egitarauko zenbait ekitaldi proposatu eta antolatzeaz arduratzen da. Honi esker, gero eta egitarau oparoago eta askotarikoagoa eskain dezakete, betiere izaera parte-hartzailea, parekidea eta herrikoia zainduz.
Hamar urtetan festa alternatiboak prestatzen ibili ostean, eta jada jendetza erakartzen zutela ikusirik, aukera berriak ikusi zituzten Piratek. Hala, 2012an antolaketa eredu berri bat proposatu zuten, alegia, kofradietan biltzea. Bakoitzak bere txalekoa eta nortasuna izanik, logoa diseinatzeko askatasuna ere izan zuten.
Egun hamabi talde dira: Groseko Ubarroiak, Aingura Kofradia ekologista eta elikadura burujabetzaren aldekoa, haur eta familien Pirata Bihurriak, gazte zirenean bezala dibertitzea gustatzea zaien Xelebreak, festa eta iraultza uztartzen dituen Jaran-ero, euren lekua aurkitzen ez zuten Eskandalosoak, kaleak pozez bete nahi duen Kalepoza, gazteak biltzen dituen Eskifaia, xibaroak etxean nahi dituen Xibaro Kofradia, Intxaurrondoko Traganarrua, Sardiñerak Kofradia Feminista eta Kantauri kantuzalea. Honela lortu dute Iruñean eta Baionan peñak, Gasteizen neskak eta blusak eta Bilbon konpartsak dituzten bezala, Donostiak kofradiak izatea. Jaien antolakuntzan parte hartzen dutenak boluntarioak dira, eta batzuk festetan topera aritzen diren arren, beste batzuk urte osoan zehar dihardute.
Horrez gain, bi pertsonaia sortu dituzte ekitaldi garrantzitsuetara joaten direnak. Zeledon, Marijaia eta Leon Erregearen lagunak omen dira Ezkila kapitaina eta Matti. Gona gorria daraman neskatxa begibakarra iritsi zen lehenik, bosgarren Abordatzearekin batera. Buruan daraman zapi beltza da Donostiako Piraten bereizgarria, guztiak batzen dituena, eta bera da mugimenduak aldarrikatzen dituen balioen bozeramailea. Ezkilak Santa Klara uhartean ematen du urte osoa eta abuztu erdialdean itzultzen da Donostiara, Aste Nagusien hasierako suziria pizten den unean. Garai batean, ontzi piratetan ezkilak (kanpai mota bat) jotzen zituzten tripulanteak abordatzerako prest egoteko, eta Ezkilak ere abordatzeko agindua ematen du orain.
Pertsonaia honen izena Donostiako Pedro de Agirre kortsarioarekin topo egitean erabaki zuten, gizon haren ezizena Campanario omen zelako. Hitz jokoa eginez, Ezkila sortu zen. 2012ra arte, neskatxa bakarrik egon zen, baina lan handia zuenez, Piratek laguntzaile bat sortzea erabaki zuten. 1615ean Islandian bidegabeki erail zuten Martin de Villafranca kapitain donostiarraren omenez, Matti sortu zen. Martin eta Maddi izenen arteko nahasketatik dator izena, genero neutrokoa.