NAIZ
ERROMA

Genovako istripua aztertzen duen batzordeak zubia eraistea gomendatu du

Hilaren 14an Morandi zubibidean izandako istripuaren nondik norakoak ikertzeko Italiako Azpiegituren Ministerioak sortu zuen batzordeak uste du ezbehar gehiago saihesteko zubia osorik eraistea dela komenigarriena. 

600 bizilagun etxeetatik atera behar izan dituzte Morandi zubibidean izandako istripuaren ondorioz. (Piero CRUCIATTI/AFP)
600 bizilagun etxeetatik atera behar izan dituzte Morandi zubibidean izandako istripuaren ondorioz. (Piero CRUCIATTI/AFP)

Italiako Gobernuak Genovak duen ordezkariak, Fiamma Spenak, kazetariei azaldu die ikerketa batzordeak txosten bat igorri diola Ministerioari eta bertan zubibidearen zutabeetako batean dagoen «arrisku egoeraz» ohartarazten dutela eta, ondorioz, «erortzeko arriskua» dagoela. 

Genovan Italiako Gobernuko eta Roberto Ferrazza arkitektoa buru duen batzordeko kideekin bildu ostean egin ditu adierazpenok Spenak. 

Ligura eskualdeko presidente Giovanni Totik ere zubibidea eraisteko eskatu du azken egunotan eta Giuseppe Conteren Exekutiboari «albait arinen» neurriak hartzeko deia egin dio. 

Totiren arabera, zubibidearen eremuan segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa da eraiste lanei ekitea. 

Abuztuaren 14an gertatu zen ezbeharra, Morandi zubibidearen zati bat erori zenean. 43 pertsona zendu ziren istripu hartan. 

Ordutik, larrialdi zerbitzuak zonaldea garbitzeko lanetan ari dira eta «zero gunea» deitu dutena hustu egin dute, oraindik zutik dauden azpiegiturak erortzekotan arriskuak txikitzeko. 

Zubibidea etxebizitzez inguratuta dago eta 600 inguru dira etxetik atera behar izan diren bizilagunak. Hogei bat pertsonei behin behinean eman diete ostatu eta datozen hilabeteotan gainerakoekin gauza bera egitea espero dute agintariek. 

Batzordea egiten ari den ikerketarekin batera, Genovako Fiskaltza ere gertatutakoa aztertzen ari da.