NAIZ
DONOSTIA

Egungo egoera bideratzeko eskaerak helarazi dizkio Txantxarreka gaztetxeak Udalari

Migratzaileei arreta ematen dien Txantxerreka gaztetxeak eskatuta, bilera egin dute Udaleko ordezkariekin eta egungo egoera «larria» dela iritzita, hura bideratzeko zenbait eskaera helarazi dituzte. 

Migratzaileen egoera salatzeko elkarretaratzea, Donostiako udaletxearen atarian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Migratzaileen egoera salatzeko elkarretaratzea, Donostiako udaletxearen atarian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Udaleko ordezkariekin bilera egin ondoren, Antiguako gaztetxeko kideek gogoratu dute abuztuaren 10ean hasi zirela Txantxarrekan Donostiara iristen hasi ziren migratzaileetako batzuk artatzen.  

Ordutik egoitza eta janariaz gain, beste hainbat kontutan laguntzen saiatu dira, baina azpimarratu dute beraien ahalmena «mugatua» dela. 

Ohar batean, adierazi dute orain arte gaztetxeak, Hiritarron Harrera Sareak eta gainontzeko norbanakoek egindako lana «instituzioen zeregina» dela. Hori dela-eta, egungo egoera «larria» bideratzeko zenbait eskaera helarazi dituzte. 

Alde batetik, migratzaileen afera oso bilkurara eramateko eta udal gobernu gisa erantzuten saiatzeko eskatu dute. 

Bidean dauden migratzaileentzako Gurutze Gorriak eskaintzen duen 3-5 eguneko epea «beharren arabera luzatu» ahal izatea galdegin dute eta, era berean, ematen zaien zerbitzua eguneko zentro bat irekita osatzea. 

Donostian gelditu nahi duten pertsonentzako baliabideak eskatzeaz gain, tramite burokratikoak egiteko laguntza eta bizitza berregiten hasteko baliabideak ere emateko eskatu du gaztetxeak.

Iragarri dutenez, datozen egunotan asanbladan gaia jorratu ondoren egingo dute bilerak eman duenaren inguruko irakurketa sakonagoa.