NAIZ
MADRIL

Azken jokaldian egin dio ihes garaipenak Eibarri (1-1)

Huts eta batekoa 87. minutuan sartu eta garaipena esku-eskura izan arren, puntu bakarrarekin itzuli behar izan du Eibarrek Madrildik neurketako azken jokaldian berdindu baitio Atleticok. [Partidaren xehetasunak]

Horretarako aukera andana izan duen arren, ez du golik egin gaur Griezmannek. (Benjamin CREMEL/AFP)
Horretarako aukera andana izan duen arren, ez du golik egin gaur Griezmannek. (Benjamin CREMEL/AFP)

Neurketaren joana jarraitu duen inork gutxik esango luke gaur Eibarrek Wanda Metropolitanoan lortutako puntuak aho zapore garratza utziko zionik zaletu armaginari. Golak egitera baino hauek ez jasotzera jokatutako partida baten ostean baina, gertu egon da Eibar Madrildik hiru puntuak poltsikoan hartuta itzultzetik.

Izan ere, berandu arte itxaron dute taldeek golak egiteko. Eibar izan da horretan lehena: 87. minutua zen Sergi Enrichek armaginak markagailuan aurreratu dituenean. Garaipena usaintzen zuen Eibarrek, baina neurketako azken jokaldian berdindu du neurketa Atleticok.

Egiari zor, berdinketa da neurketak utz zezakeen emaitzarik justuena. Eibar izan da lehenengo aukera garbia izan duena, baina 8. minutuan Jose Angelek zutoinera jaurti duen baloiaren ostean Atleticorena izan da neurketaren gaineko kontrola.

Hala, gol aukerak pilatzen hasi dira madrildarrak eta Dmitrovic izan da armaginen artean neurketako jokalaririk hoberena. 12. minutuan egin du lehen geldiketa serioa, Griezmanni egin diona. 20.ean Saulek errematatutako baloi bat atera behar izan du atepetik eta 27an gauza bera gertatu da, baina errematatzailea Godin zen kasu honetan.

Erabat erasora joana zen Atletico, eta defendatu baino ezin zuen egin Eibarrek. Zorionez, hutsean iritsi da neurketa atsedenaldira. Bigarren zatia, baina, lehena amaitu bezala hasi da.

Harrapatu du ia area txikian baloia Diego Costak 47. minutuan, baina gutxigatik ez du errematatzea lortu. 48an, aukera bikoitza izan du Atleticok, Diego Costa eta Saul protagonista zirela, baina ezik hauek ere Dmitrovicen atea zulatu.

Eibarrek, egin duen golaz gain, aukera bakarra izan du bigarren zati osoan, Arbillak areaz kanpo jaurti duen baloiak zutoinean jo duenean. Hortik eta neurketa amaiera arte etxekoena izan da neurketa.

67an area barrutik egin du errematea Diego Costak, eta Dmitroviecek geratu dio. Griezmannen txanda izan da 69an, baina emaitza bera izan du Realeko jokalari ohiaren saiakerak. Azkenean, Eibar bera izan da markagailuan aurreratu dena, 87. minutuan, eta zelaian sartu berria zen Sergi Enrich izan da golegilea.

Garaipean esku-eskura zuenean, baina, Borja Garces gazteak ezarri du behin-betiko banakoa luzapen denboran, 93. minutuan.