NAIZ

Bigarren garaipena Realarentzat; hiru puntuak eskuratu ezinik jarraitzen du Athleticek

Hanka onarekin hasi du 2018-19 denboraldia Realak, denboraldiko bigarren garaipena erdietsi du eta jarraian. Athleticek, aldiz, hiru puntuak eskuratu ezinik jarraitzen du denboraldi hasiera honetan. [Emaitzak eta sailkapenak]

Realeko jokalariak, gol bat ospatzen. (@RealSociedad)
Realeko jokalariak, gol bat ospatzen. (@RealSociedad)

Ezin hobeto hasi du Realak denboraldi berria. Malagaren aurka jokatu dute txuri-urdinek eta erraztasun handiz irabazi dute neurketa (3-0).

Neurketa hasi eta berehala jarri dira markagailuan aurretik donostiarrak. 5. minutuan aldeko aukera bat izan eta gero, 7.ean Realaren aldeko penaltia adierazi du epaileak; Nahikari Garciak egin du gola hamaika metroetatik.

Markagailuan aurretik, partidaren kontrola eta pisua bere gain hartu ditu Realak eta bereak izan dira gol aukera guztiak, harik eta 52.ean Paola Soldevillak bigarrena egin duen arte. Guztia alde, Nahikari Garcia izan da txuri-urdinen hirugarren gola egin duena; 78. minutua zen.

Bestelako hankarekin hasi du denboraldia Athleticek. Etxean jokatutako lehen neurketa galdu ostean, Huelvan aritu dira gaur zuri-gorriak. Zortea, baina, ez dute lagun izan.

Gol aukera gutxiko neurketa jokatu dute bi taldeek, partidaren kontrola irabaztea helburu izan duen neurketa. Ondorioz, gol aukera gutxi ikusi da gaur Huelvan, eta horren adierazle da markagailua (0-0).

Atleticoren aurka jokatuko dute bilbotarrek datorren asteburuan, erraza izango ez den norgehiagoka. Realak, berriz, Logroño bisitatuko du denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi asmoz.