Haritz LARRAÑAGA

Euskaraldia arrakastaz burutzeko prest dira Ipar Euskal Herrian

Astelehenean aurkeztu zuten Itsasun orain arte egindako lanaren balantzea eta datozen ekimenen egutegia. Instituzioek ere hartuko dute parte, baina «herritarrek dute giltza».

Euskal Elkargoak Euskaraldia sustatzeko Euskal Konfederazioarekin sinatutako hitzarmenaren berri eman zuten Itsasun, baina instituzioek ezer gutxi egin dezakete funtsezkoena herritarren parte hartzea denean. Horregatik, azaroaren 23tik abenduaren 3ra “ahobizi” edo “belarriprest” izango diren hamaika pertsonek parte hartzera bultzatu dituzten arrazoiak azaldu zituzten. Hots, Jean-Rene Etchegaray lehendakariak ere, “belarriprest”-en txapa soinean, parte hartuko duela iragarri zuen.

Parte hartzeko arrazoiak eta gogoak

«Lehen urratsa egitea erabaki dut ikasle eta langileek jarraituko didatelako», esan zeun Cecile Crouspeyre Baigorriko Frantsesenia ikastetxeko zuzendariak. Niko Etxart abeslariak, berriz, hau aipatu zuen: «Parisen 19 urte bizi ostean Euskal Herri mitikoa desagertu zela ohartu nintzenean hartu nuen euskaraz bizitzeko erabakia; beraz, 11 egunez, belarriprest izango naiz».

Willis Drummond taldeko bateria jotzailea euskara ikasten ari da, «ingurukoek ni nagoenean erdaraz hitz egin behar dutelako»; hortaz, “belarriprest” izango dela aurreratu zuen. Claire Latailladek, mugimendu feministako kideak, euskara ikasten ari denez, «pazientzia apur bat» eskatu zien “ahobizi”-ei. Eta Mattin Irigoien antzerkigilearen iritziz, «‘ahobizi’-ok atxikimendua gainditu eta armairutik atera behar dugu».

Martxoaren 17an Itsasun «ekimenaren abiatzea» egiteko Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko 40 herritatik gerturatutako 80 lagun bildu zirenetik urrats anitz egin da eta jada 59 herrik bat egin du egitasmoarekin (Euskal Herri osoan 350 herri). Ekainaren 2an, ostera, Luhuson elkartu ziren eta, Jenofa Berhokoirigoin Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren koordinatzaileak nabarmendu zuenez, «bilkura hartan herritarren interesa eta inplikazio gogoa sentitu genuen».

Horrela, udan zehar anitz izan dira bestak Euskaraldiaren berri emateko baliatu dituzten herriak. Hala nola, Bardozen, Ezpeletan, Itsasun, Azkainen, Urruñan, Oztibarren eta Xarnegu aldean aurkezpen ekitaldiak eta «ahobizi eta belarriprest beroketa» saioak egin zituzten.

Irailaren 15ean, prestaketa saioak egin zituzten Angelun. «Aurrera begirako lan nagusia, jendea motibatu eta prestatzea da», azaldu zuen Berhokoirigoinek, baina «ez da kanpaina bat, giltza herritarrek dute, 12. egunetik euskaraz jarraitzeko» ohartarazita.

Izena emateko epea irailaren 20an irekiko da (internet bidez edo orriak betez); horregatik ekimen andana antolatu da astebururako. Hori dela eta, Ahatsa, Azkaine, Biarritz, Bidarrai, Donapaleu, Donibane Lohizune, Hendaia, Irisarri, Itsasu, Ortzaize, Ziburu eta Xarnegun kalera aterako dira jendea izena ematera animatzeko.

Instituzioen engaiamendua

Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduradun Beñat Arrabit Euskal Konfederazioarekin sinatu duten hitzarmenaz mintzatu zen: «Euskal Elkargoak, haurtzaindegi, 158 herriko etxe eta eraikin publikoetan Euskaraldia zer den esplikatzeko bitartekoak ezarriko ditu, instituzioetan euskara indartu eta zerbitzuen erabiltzaileei euskaraz aritzeko erraztasunak eskaintzeko». Horrez gain, 20.000 euroko diru laguntza eman dute «Euskaraldia sustatzen laguntzeko».