Elgoibarko Olasoko kolunbarioan omenaldi hunkigarria eskaini diete frankistek hildako gudari, miliziano eta zibilei. Elgoibar 1936 taldeak antolatu du ekitaldia eta hildako 22 herrikideren senideak ere presente izan dira. Ez dira denak, oraindik frankistek hildakoen zerrenda osatzea ere ez baitute lortu. Memoria taldetik gogoratu dute oraindik hildako batzuk non dauden ere ez dakitela.
Horregatik, frankistek hildakoek ez dutela justiziarik izan salatu du Elgoibar 1936 taldeak eta erantzuleak epaitzea eskatu du. Udaleko ordezkariak ere omenaldian izan ziren eta memoria taldetik instituzioek gaia euren eskutan hartu izana txalotu zuten, baina oraindik egiteko asko dagoela gogoratuz.
Elgoibarko txarangak, txistulariek eta dantzariek parte hartu zuten omenaldian eta faxismoaren aurkako hainbat doinu entzun ahal izan ziren; 'Bella Ciao' eta 'Eusko Gudariak', adibidez.
Eusko Gudariak @mauxitxaranga #Elgoibar pic.twitter.com/etYEHt5yP9
— Elgoibar 1936 (@Elgoibar1936) 2018(e)ko irailaren 22(a)
Memoria berreskuratzeko lan etenik gabea
Omenaldia Elgoibar 1936 taldea memoria berreskuratzeko egiten ari den lanaren beste fruitutako bat da. Azken urteetan faxistak bertara sartu zirenean gertatutakoak argitzeko lan dezente egin dute eta tartean hainbat herrikideren testigantzak jaso dituzte. [TESTIGANTZAK]