GARA
BAIONA

Etorkinei harrera bermatzeko, premiazko deia Eusko Elkargoari

Irun eta Hendaia arteko zubiak igaroz astero-astero Lapurdira heltzen diren migratzaileen harrera bermatzeko, premiazko deia egin zioten herritarrek atzo Euskal Hirigune Elkargoari, Etorkinekin eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeek eginiko gonbidapenari jarraituz.

Baionako Euskaldunen Plazan eman zuten hitzordua, atzo, migratzaileen alde jarduten duten taldeek. Euskal herritarrek, beren kaxa, sarri erakundeen aldetik behar bezalako sostengua jaso gabe, etorkinak hartzeko harrera antolatu dutela oroitarazi zuten bertan bildutakoek.

Toki esanguratsua aukeratu zuten. Hain justu, Irun eta Hendaia arteko muga gainditzea lortzen duten migratzaile anitz sarritan Euskaldunen Plazara heltzen da, garraio publikoaren geraleku baita.

Heldu berriei elkartasun keinua egiteaz gainera, gaur-gaurkoz Ipar Euskal Herrian ez dela migratzaileen egoerari aurre egiteko behar bezalako dispositiborik abian ezarri salatu zuten bildutakoek.

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Etorkinekin taldeetako ordezkariek nabarmendu zutenez, «Irun eta Bordele arteko pasabidea bilatu da migranteentzat eta eremu horretan pertsona hauek ez dute inolako eskubiderik, ezta beharrezko dituzten zerbitzuak atzematen ere».

Atzo Euskal Hirigune Elkargoko kontseiluak bilera egin zuen Baionan. Horren karietara, 2017ko abenduan Etorkinekin kolektiboak eta Cimade elkarteak erakundeari gutuna igorri ziotela gogora ekarri zuten. Ildo beretik, hilaren 14an helarazitako gutun berriaren mamia ezagutzera eman zuten.

Agerraldian azaldu zutenez, beste euskal lurraldeetan bezala, Lapurdin ere herritarrak eta elkarteak mobilizatu dira migratzaileei oinarrizko zerbitzuak emateko; hala nola, Iparraldean gelditzeko hautua egin duten etorkinentzat doako bizitokiak eta harrera familiak atzeman dituzte. Alta, elkarteek «beren ahalmenen mugara iristear direlako» arrangura azaldu zuten. Hori dela-eta, herriz herri baliabideak abian ezar daitezela eskatu zuten.

«EAEn egin bezala, Euskal Elkargoak herritar hauentzat atseden guneak ezartzea ezinbestekotzat» jo zuten. Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari eta, bide batez, 18 herriko etxeri zuzendutako gutun horretan, urriaren 15 aitzin bilera egiteko eskaera egin dute aipatu elkarteek. Atzo zehaztu zutenez, bilera horren helburua etorkinei harrera era duinean emateko behar diren baliabideak zehaztea eta horiek ahal den azkarren abian jartzea litzateke.

«Ez dute hemen gelditu nahi»

Irun eta Hendaia artean ohikoa bilakatu da, Santiago edo Behobiako zubiak baliatuz, etorkinak Lapurdira sartzen ahalegintzea. Sarritan mugan bertan frantziar edo espainiar poliziek ezartzen dituzten kontrolak dituzte oztopo. Beste batzuetan, zubiaren bestaldera igaro eta Hendaiako autobus edo tren geltokia atzeman nahian ibiltzen dira, bidaian segitzeko asmoz.

Alta, frantziar poliziek garraio publikoetan edota karriketan migranteak gelditu, eta berehala mugaz bestaldera eramaten dituzte, prozedura azkar zein alegala baliatuta.

Irunen udal aterpetxean edo Lakaxita gaztetxean atseden hartzeko parada dute etorkinek, Europara iritsi ahal izateko bidaia luze eta gogorra egin behar dutenek. Hendaian, ordea, oraingoz ez dago migratzaileentzako zerbitzurik. Are gehiago, Mediabask hedabidearekin mintzatuz, harrera zerbitzu bereziak antolatzeko premia zalantzan eman zuen Kotte Ezenarro auzapez sozialistak, «herritar horiek ez dutelako Hendaian gelditu nahi, baizik eta Bordele, Paris edo beste hiri batera heldu». Harrera eskaera bakan batzuk izan direla aitortu zuen alkate hendaiarrak, horiek zerbitzu sozialek bideratu dituztela gaineratuz.