NAIZ
BILBO

Atzera egin eta 2 urteko ikasleei eskola garraioa eskainiko die Lakuako Gobernuak

Bi urteko ikasleei zuzendutako eskola garraioa kentzeko asmoak sortu duen polemikaren aurrean atzera egin du Lakuak. «Euren irizpidea eta autonomia aintzat hartuta», zentroetako zuzendaritzen esku egongo da adin horretako ikasleen garraioa baimentzeko aukera, nahiz eta erabakia familiekin partekatua izan beharko duen. 

Bi urteko ikasleei eskola garraioa kentzeko erabakian atzera egin du Lakuak. (THINKSTOCK)
Bi urteko ikasleei eskola garraioa kentzeko erabakian atzera egin du Lakuak. (THINKSTOCK)

Zentroetako zuzendariei igorritako mezu baten bitartez, Lakuako Hezkuntza Saileko Lurralde Ordezkaritzak jakinarazi du afera aztertu dutela eta, «familia-bizitza bateragarri egite aldera», aplikazio informatikoak ez duela «oztoporik jarriko ikastetxeetako zuzendaritzek, euren irizpidea eta autonomia aintzat hartuta, 2 urteko ikasleen garraioa baimendu ahal izan dezaten».

Eskola garraioa arautzen duen dekretua aldatzen den bitartean egoerak horrela jarraituko duela gaineratu du Hezkuntza Sailak. «Aipaturiko araudi aldaketa hori 2018/2019 ikasturte honetan gauzatuko da eta, bitartean, Hezkuntza Sailak eskola garraioan segurtasuna areagotu lezaketen neurriak aztertzen jarraituko du», dio mezuak.

EH Bildu, azalpen eske

Ohar baten bitartez, EH Bilduk ontzat eman du Hezkuntza Sailaren iritzi aldaketa, baina eskola garraio zerbitzuan aplikatuko dituen irizpideak argitzeko eskatuko du ostiralean Gasteizko Parlamentuan egitekoa den Kontroleko Osoko Bilkuran.

Rebeka Ubera legebiltzarkide abertzalearen ustez, «gurasoen erantzuna, euren haserrea izan da Jaurlaritza atzera egitera behartu duena». Gogoratu du «EH bidluko alkateek familiekin bat egin eta garraio zerbitzua mantentzeko exijitu diotela Lakuari, zerbitzu hori kenduz gero, kontziliazioa ia ezinezkoa izango litzatekeelako lana duten gurasoentzat».

Uberaren iritziz, «Hezkuntza Sailak atzera egin behar izan du guraso eta udalen presioak bultzatuta, eta agerian utzi du berriz ere noraezean dabilela».

Horregatik eskatuko ditu azalpenak Hezkuntza sailburuari, ikastetxeei bidalitako komunikazioak «ez duelako behar bezala zehazten zer nolako baldintzetan eskainiko zaien garraio zerbitzua bi urteko ikasleei». «Hezkuntza Sailak bere gain hartu behar du zerbitzu horren gaineko ardura osoa; onartezina litzateke erantzukizun hori ikastetxe eta familiengana desbideratzen saiatzea», esan du Uberak.