NAIZ

Galdu egin du Zubietan Realak; berdindu, etxetik kanpo, Athleticek

Ez da oparoa izan jardunaldia emakumezkoen euskal taldeentzako. Galdu egin du Zubietan Realak Levanteren aurka (1-2) eta berdindu baino ez du egin Athleticek Betisen aurka (0-0), etxetik kanpo izan arren.

Goleko jokaldi asko sortu dituen arren, ez da irabazteko gai izan Reala. (Jon URBE/FOKU)
Goleko jokaldi asko sortu dituen arren, ez da irabazteko gai izan Reala. (Jon URBE/FOKU)

Garaipenik ez emakumezkoen euskal taldeentzako igande honetan. Zubietan jokatu dute txuri-urdinek Levanteren aurka, etxean lortutako emaitza onei jarraipena eman asmoz. Ez da halakorik izan baina, eta bigarren jardunaldiz jarraian galdu egin dute donostiarrek.

Nahikari Garciarena izan da neurketako lehen aukera, 24. minutuan, baina kanpora alde egin dio jaurtiketak. 27.ean, aldiz, Manu Lareok izan du bere aukera, baina huts egin du honek ere. Hala, 0-0 iritsi da neurketa atsedenaldira.

Hobeto hasi dute bigarren zatia kanpokoek, baina lehenengo gol aukera Realaren aldekoa izan da, 55. minutuan, Carla Bautistaren bidez. Realarenak izan dira aukerak, baina Levantek inauguratu du markagailua. Penaltiz egin dute gola bisitariek, 58. minutuan.

69an berdindu du neurketa Realak, Nahikari Garciaren bidez. Baina Bermudezek, 75.ean, behin-betiko 1-2koa ezarri du.

Golik ez da izan Betis eta Athleticen arteko neurketan. Ainhoa Tirapu, Athleticeko atezaina, izan da taldeko jokalaririk onena. Oso gol aukera gutxi sortu dituzte lehoiek, eta azken ordu laurdenean baino ez dute arriskua aurkariaren atezainaren ate inguruetara eraman.