«Autogestioa hedatuz gaztetxeak defendatu» lelopean egin duten manifestazioa Arrotxapeko gaztetxetik abiatu eta Iruñeko udaletxe atarian bukatu da.
Ehunka gaztek egin dute bat Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxeak eta Lizarra, Arrotxapea, Barañain, Burlata, Zizur eta Berriozarko gaztetxeek eginiko deialdiarekin.
Mobilizazioa deitu zutenean azaldu zutenez, halako proiektuen «loraldia» ematen ari da azkenaldian, baina haietako hiru espazio berrietatik kaleratuak izateko «arriskuan» daudela ohartarazi zuten: Arrotxapeko, Lizarrako eta Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeak, hain zuzen.
«Borroka bateratua»
Espazio horiek «zapalduen mesederako diren proiektuak aurrera ateratzea» ahalbidetu dutela azpimarratu zuten deitzaileek.
Edozein gune autogestionaturen aurkako erasoa «guztionganako erasotzat» hartzen dutela adierazi zuten eta, hortaz, auzo eta herri guztietan «borroka bateratu honen defentsa» egitearen beharra nabarmendu zuten.