Asier Robles
BILBO

‘Piztu Bilbo, Itzali MTV’-k aste honetarako antolatu dituen ekimenak aurkeztu ditu

‘Piztu Bilbo’ plataformak asteburu honetan gauzatuko den MTV EMA-ri buruzko iritzia eman du, eta aste honetarako antolatu dituen ekimenak eta mobilizazioak aurkeztu ditu. Mahai ingurua, bizikleta martxa eta kalejira musikatua, besteak beste.

‘Piztu Bilbo, Itzali MTV’ plataformaren prentsaurrekoa.
‘Piztu Bilbo, Itzali MTV’ plataformaren prentsaurrekoa.

‘Piztu Bilbo, Itzali MTV’ plataformako bozeramaileek «barrikada baten bizi garela» azaldu dute, eta haien posizionamendua «argi eta irmoki» adierazi dute: «Barrikadaren bi aldeek etsaiak eta antagonikoak diren bi bizi-eredu defendatzen dituzte eta elkarren arteko gerra etengabean daude. Alde batetik oligarkia vasco-españolaren ordezkari den PNV, Iberdrola, BBK, Laboral Kutxa, Lastour... eta MTV-a, kulturak, gorputzak eta subjektuak merkantilizatzen dituen espektakulo lotsagarria. Eta beste aldetik ‘gu’, herria, langile klasea, herri mugimenduak eta Euskal Herria desmerkantilizatzeko, despatriarkalizatzeko eta deskolonizatzeko lanean ari garen subjektibitate eta bizitzeko era guztiak».

Azalpen horren ostean, astean zehar antolatu dituzten ekimenen berri eman dute eta Bilbon bizi diren pertsona guztiei, haiekin iritzia partekatzeko eta debate eta mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu diete.

Lehenengo zita ostegun honetan (azaroak 1) 18:00etan izango da. Etxebarrieta plazatik kalejira musikatu bat antolatu dute. «Ezin bada dantzatu, hau ez da gure iraultza», adierazi dute.

Ostiral (azaroak 2) arratsalderako «makroebentoek gugan dituzten eraginen inguruan eta espazio publikoaren erabileraren inguruko» mahai-inguru bat antolatu dute 17:00etatik aurrera Indautxu plazan. Jule Goikoetxeak dinamizatuko du, eta bertan Lutxo Egia, Monuz, Errekaleor bizirik, Emakumeen Mundu Martxa eta uda honetan auzokideen eskutik eman den migranteentzako harreraren dinamikako ordezkariak izango dira.

Larunbatean (azaroak 3), bizikleta martxa bat antolatu dute hiri osoan zehar eguerdiko 12:00etan. Arratsaldean 18:00etan Eliptika Plazatik aterako den mobilizazioa egingo dute. Mobilizazio honen helburua «Bilbon bizitzeko eta egoteko era ezberdinak erakustaraztea» izango da.

Azkenik, igandean (azaroak 4) ‘Piztu Ezkerraldeak’ deituriko mobilizazio eta egun osoko egitarauari atxikimendua adierazi diote.

Plataformatik adierazi dutenez, «‘Piztu Bilbo, itzali MTV’-ren dinamikak sareak ehuntzen jarraitzeko, alternatiba herrikoiak eraikitzen jarraitzeko eta azpitik eta auzoetatik eraikiko den hiri eredu bat sortzeko lehenengo pausuak emateko abagunea ireki behar du».

Amaitzeko, mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu dute, «guztion artean beste Bilbo bat eraikitzeko, behetik, herritik eta elkartasunez, MTV-en, PNVren eta bere erakusleiho den hiriaren aurka eta harago».