Jon Insaustik eta Amaia Almirallek, Donostiako EAJ eta EH Bilduko udal taldeen eledunek, izenpetu dute hilaren 18an Donostian egitekoa den herri galdeketari babesa agertzeko adierazpen bateratua.
Bi alderdiek «begi onez» ikusten dute Donostia Galdeketa dinamikak antolatu duen galdeketa. «Are gehiago, dei egiten diegu donostiar guztiei bertan parte hartzera eta iritzia hartzera», adierazi dute, «herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako».
EAJ eta EH Bilduko udal taldek nabarmendu dutenez, «guztion parte-hartzea ezinbesteko baldintza da erabakitze ariketa bat aurrera eramateko» eta, ildo horretan, gaineratu dute hilaren 18koa «erabaki nahiaren espresio» eta «ezberdinen arteko topagune» izango dela.
«Europan martxan dabilen trena Euskal Herriko geltokira iritsi da, baita Donostiara ere. Bertara igotzeko gonbitea luzatzen dizuego herritar guztioi, honako galderaren inguruan zure iritzia ematera: ‘Nahi al duzu gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?’», esan dute.
Donostiakoaz gain, Zallan, Alonsotegin, Balmasedan eta Irunen ere hautetsontziekin zita daukate hilaren 18an.
Hitzordu horren harira, Irungo galdeketa antolatzeko lanetan ari den Hartu Hitza plataformak bilera egin zuen astelehenean Jose Antonio Santano alkatearekin (PSE).
Galdeketak dauzkan bermeak jasotzen dituen protokoloa eman zioten alkateari.