Aitzol Gogorza larriki gaixo dagoen presoa espetxean bisitatu ostean, adierazpenak egin dituzte prentsaren aurrean Bego Atxa Sareko bozeramaileak eta Julen Mendoza Errenteriako alkateak.
Lehenak txalotu egin du bigarrenaren jarrera, Udaleko erabaki baten ostean presoa bisitatzera gerturatu izana hain zuzen. «Pozik» agertu da Sareren jarduna fruituak ematen ari delako, alderdi eta erakundeen babesa jasoz.
Zentzu horretan, bereziki nabarmendu du Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrek urruntze politikaren aurka eta larriki gaixo dauden presoen askatasunaren alde onartutako adierazpenak. «Oso garrantzitsuak dira indarrean dagoen espetxe politikari amaiera emateko», gaineratu du.
Mendozak, bere aldetik, Errenteriako Udalean, aho batez, onartutako adierazpena ekarri du gogora, zeinaren bidez larriki gaixo dauden eta herritarrak diren Aitzol Gogorza eta Mikel Arrietaren osasun egoerei jarraipena egitea onartu zen.
Behin Arrieta Algecirasen bisitatuta, Basaurin izan da igande honetan Mendoza. Prentsaren aurrean adierazi du bien ala bien askatasunaren aldeko eskaera «oso zabal bat» dagoela herrian, «ia aho batez onartua elkarte ezberdin zein Udaleko alderdietan».
«Aitzol askotan izan da ospitaleratua bere osasun egoera dela eta, eta bere buruaz beste egiteko episodioak ere izan ditu», azaldu du Mendozak, gaineratuz presoak kalean egon beharko lukeela: «Kalean egotea da bere bizitza bermatzeko duen modu bakarra, bertan jasoko ditu eta bere gaixotasunak eskatzen duen tratamendua».
Adierazi du Estrasburgoko epaiaren menpe zegoen preso horietako bat zela Gogorza, gaineratuz honek bazuela aipatu epaiaren gainean esperantzarik: «Sententziaren ostean, baina, oso egoera delikatuan geratzen da».