NAIZ+

‘Rekaldeko historiak’, Donostian ixtera doan taberna baten bizipenak

Abenduan itxiko dute Donostiako Parte Zaharreko Rekalde taberna. Ez dute taberna isilpean itxi nahi, ordea, eta ‘Rekaldeko historiak’ egitasmoaren bidez taberna honetako istorioak zabaldu nahi dituzte.

rekalde
rekalde

Donostiarrentzat eta donostiar ez diren bisitari askorentzat taberna kuttuna da Alde Zaharreko Aldamar kalean dagoen Rekalde. Askok eta askok gogoratuko dituzte bertako errazioak eta maiz aurkituko zuten bertan aterpe goxoa, Alde Zaharreko nahaspilatik ihesi. Aterpeak baina pertsiana istear da, eta ez hala erabakita.

Taberna dagoen eraikinaren jabeak eraikina saldu egin du, eta beraz, bertako bizilagunak kanporatu eta taberna itxi beharrean dira. Agus Rodriguez da tabernako arduraduna Parte Zaharretik joatera behartuta, abenduan itxi beharko du Rekalde taberna.

Ez dute taberna isilpean itxi nahi ordea, eta ‘Rekaldeko historiak’ egitasmoaren bidez Parte Zaharreko taberna honetako istorioak zabaldu nahi dituzte. Jabeak, Agus Rodriguezek, beste hainbat lagunekin batera, egin dute bideo sorta eta sare sozialen bidez zabalduko dituzte. Eneko Olasagasti gidoigile eta zuzendaria izan du lagun. Plazaratutako lehen bideoan, Agus Rodriguez ageri da kamerari begira eta tabernarekin aurrera jarraitzerik izango ez zuela jabetu zen unea azaltzen du.

Bigarren bideoan Aldamar kaleko zenbait bizilagun tabernaren itxieraz mintzo dira. Bideoa txioan txertatuta ikusi daiteke.

Rekalde tabernako historia eta istoria ezagutzeko jarraitu Rekaldeko Historiak Youtubeko kanala. Bertan jasotzen ari dira bideo guztiak.