196.000 lagunek eman dute izena bihar hasiko den Euskaraldian. Ariketan izena eman duten lagunek 11 egunetan «ahobizi» edo «belarriprest» rola beteko dute. Ahobiziek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete 11 egunetan eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egin. Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egingo diete.
Baionan egin da gaur arratsaldez Euskaraldiaren irekiera ekitaldia. Bertan parte hartu dute entitate eta erakunde antolatzaileen ordezkariek, herrietako batzordeetako kideek, entitate sustatzaileek eta ahobizi zein belarriprest modura arituko diren hainbat herritarrek. Era berean, ekitaldian Maddi Oihenart, Ruper Ordorika, Odei Barroso, Alaia Martin eta Maryse Urrutyren emanaldiak gozatu ahal izan dituzte bertaratutakoek.
Irailaren 20an ireki zen izen-emate epea oraindik itxi ez den arren, bihartik aurrera ahobizi eta belarriprest modura arituko diren partaideen datuak eman dituzte gaur Baionan egin den aurkezpen ekitaldian. Guztira, 16 urtetik gorako 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, parte hartze zabala izango da, beraz, bihar martxan jarriko den ariketan. Partaide horietatik %74ek eman dute ahobizi modura jarduteko izena eta %26 arituko da belarriprest rolean. Araban 17.500 izanen dira, Bizkaian 68.500, Gipuzkoan 84.000, Ipar Euskal Herrian 5.500 eta Nafarroan 20.500.
Izena eman dutenen %63a emakumezkoa izan dela azpimarratu dute. Bereziki azpimarratu behar da gazteen artean harrera oso ona izan duela ekimenak. Honela banatu dira izen-emateak adin tartearen arabera: 16 eta 25 urte bitartean ditu izena emandakoen %18ak, 26 eta 35 urte artean %18ak, 36 eta 45 urte artean %28ak, 46 eta 55 urte artean %19ak, 56 eta 65 urte artean %12ak eta 65 urte baino gehiago %5ak.