Asier AIESTARAN

Aimar eta Albisu, plazara

Asegarceren aurtengo apustu nagusiak gaur arratsaldean ekingo dio Binakako Txapelketari Labriten.

Gaur hasi eta datozen lau hilabeteetan Labritek ez du ia hutsik egingo astero-astero Binakako Txapelketarekin duen ohiko hitzorduan. Eta “neguko denboraldia” deitzen zaion horri ekiteko partida erakargarria jokatuko da bertan: Olaizola II.a eta Albisu Urrutikoetxea eta Aretxabaletaren aurka nor baino nor.

Asegarceko bikoteak dira biak, eta, segur aski, Bilboko enpresaren ikuspegitik garrantzitsuenak. Aimar Olaizolak eta Jon Ander Albisuk osatzen duten bikotea txapela irabazteko enpresaren apustu nagusia dela esan liteke. Ataungo atzelaria enpresako indartsuena izan da urteotan, eta Zabaletak eta Rezustak erakutsi duten nagusitasunari erantzuteko gaitasuna eduki dezakeen gutxietakoa. Eta jada 39 urte dituen arren, Aimar Olaizola oraindik rankingeko goiko postuetan dago, batez ere binakako partidak jokatzeko.

«Ez dugu askotan jokatu elkarrekin eta horregatik, gogo handiz, ea aukera hau aprobetxatzen dugun. Aimarrek badakigu berea egingo duela eta ea nik ere erantzuten dudan», aipatu zuen Albisuk Olaizolarekin jokatzeko aukeraz. Egia da aurtengo uda ez dela izan agian ataundarraren ibilbide oparoko onena, baina horri ere buelta ematen saiatuko da gipuzkoarra: «Jokoz agian ez nago nire unerik onenean, baina eskuz eta fisikoki ez dut arazorik. Konfiantza apur bat falta zait kantxan, baina ea hori ere hartzen joaten naizen».

Bikote bizkaitar estrategikoa

Aurkariak, berriz, Mikel Urrutikoetxea eta Andoni Aretxabaleta izango dira, Danel Elezkanorekin batera txapelketan parte hartzen duten bizkaitarrak. Horregatik, bere egitura herrialde horretan finkatua duen enpresarentzat bikote “estrategikoa” dela esan liteke. Lan ona egiten badute, ziur lehiaketa askoz interes handiagoz jarraituko dela Bizkaia aldean.

«Emaitzen zain nago, baina nire sentsazioak gero eta hobeak dira eta pozik nago», onartu zuen Urrutikoetxeak asteartean jada ahaztua dirudien mononukleosiari buruz. Gauzak horrela, oso kontuan hartzeko bikotea izango da.