Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Migratzaileen aldeko ekimen berria Baionan

Dagoeneko 34 erakundek eta ehunka herritarrek babestu dute frantziar Gobernuari «elkartasuna eta giza eskubideen defentsa» aintzat hartuta bestelako migrazio politika bat abian jar dezala eskatzeko agiria.

150 bat herritar elkartu ziren atzo eguerdian, Baionako suprefeturaren aitzinean, Etorkinekin kolektiboak eginiko deialdiari erantzunez. Azken asteotan migratzaileen aurkako jazarpena areagotu dela-eta beraien arrangura azaldu zuten protesta ekimenarekin bat egin zuten herritar zein elkarteek.

Bestalde, 34 eragilek babestu dute frantziar Barne ministro Christophe Castaner-i ildo beretik zuzendu zaion eskaera. Suprefeturan utzi zuten idatzian irakur daitekeenez, egun ohi baino mila polizia gehiago daude Ipar Euskal Herrian gure lurraldea zeharkatzen duten migratzaileak atxilotzeko.

Horren ondorioz, hainbat gertakari larri jazo direla agerian utzi dute elkartasun taldeek gutun horretan. Hartara, Hazparnen urtebete zeramaten gazte bik kanporatzeko agindua jaso berri dutela oroitarazi dute. Hendaian, berriz, etorkinak atxilotzeko kontrolen areagotzeak «segurtasun falta dagoen sentimendua sortu du, baita bertako biztanleen artean». Azkenik, migratzaileek Parisera joateko hartzen dituzten autobusetan nortasun kontrolak gogortu dituztela, eta, hain zuzen, Poliziak berriki Landetan autobusak geldiarazi eta 19 bat migratzaile atzeman dituela nabarmendu dute agirian.

Harrera duina

Gertakari horiek guztiek «Estatuak errepresioaren aldeko parioa egin duela» frogatzen dutela azaldu ondoren, migrazio politika berria martxan jartzeko eskaera egin dute sinatzaileek.

«Gure hautua elkartasuna da eta horretarako harrera politika duina, giza eskubideak errespetatuko dituen bestelako politika bat abian jar dezala galdegiten diogu Estatuari», adierazi dute eskaera horretan.

Erakundeen konpromisoa sendotuz, atzo arratsalde erditsura arte, 900 bat herritarrek izenpetua zuten bestelako migrazio politika martxan emateko eskaera https://www.mesopinions.com webgunearen bidez.