NAIZ
DONOSTIA

Donostiako Metroaren obrak sortzen dituen «kalteen» aurrean erakundeen «utzikeria» salatu dute

Satorralaia bizilagunen mugimenduak agerraldia egin du Donostiako Metroaren pasantea eraikitzeko lanak sortzen ari diren «arazo eta kalteak» salatzeko. Udalak eta Lakuak herritarren kexei entzungor egiten dietela eta beraien eskubideak bermatzen ez dituztela ere gogor gaitzetsi dute. 

Donostiako Udaletxearen atarian egin dute agerraldia Satorralaia mugimenduko kideek.
Donostiako Udaletxearen atarian egin dute agerraldia Satorralaia mugimenduko kideek.

Satorralaia mugimenduko kideek nabarmendu dutenez, «zeharo behargabekoa den eta Donostiako nahiz Gipuzkoako herritar gehienek errefusatzen duten obra erraldoia» da «arazo eta kalteak» eragiten ari dena, «Topoaren trenbide sarea eskualdean hobetzeko beharrezkoak diren baliabideak xahutzen dituena». 

Zehazki, aipatu lanek Aizkorri eta Zubieta kaleetan, Morlansen, La Fe eta Mikeletes pasealekuetan zein Zarautz etorbidean arazo eta kalte desberdinak eragin dituztela azaldu dute: zaratak, matxurak, pitzadurak, kutsadura... Hori dela, eta, hainbat bizilagunek egin dituzten salaketak bildu ditu Satorralaiak. 

Kaltetuetako batek hitza hartu du agerraldian eta «obrak Morlanseko eskolaren ondoko bere etxebizitzan eragindako aire-kutsaduraren ondorioz joan den abuztuaz geroztik Administrazio guztien aurrean egin duen salaketak inongo erantzunik ez» duela jaso azpimarratu du. 

Testuinguru honetan, salatu dute agintariek ez dutela «inolako borondaterik proiektu erraldoi honen aurrean herritarren eskubideak bermatzeko». «Herritarren kexa eta salaketen aurrean agertzen duten erabateko utzikeria salatzen dugu, ez dutelako bizilagunen osasuna eta ongizatea bermatze aldera ezer egiten», azaldu dute. 

Era berean, obrak eragiten dituen zarata eta bibrazioengatik jarritako salaketen aurrean Udalak erakusten duen «arduragabekeria» arbuiatu dute. 

Proiektuaren inguruan informazioa lortzeko Lakuako Gobernuak jartzen dituen «traba handiak» ere aipatu ditu bizilagunen mugimenduak. 

Hala, Satorralaiak adierazi du «Administrazioek obrari emandako lehentasunak ezerezean uzten dituela pertsonen eskubideak». 

Azkenik, abenduaren 20an Udalean egingo den osoko bilkuraren harira kazerolada bat deitu dute, arratsaldeko 17.30ean Artzai Onaren plazatik abiatuko dena.