GARA
MEXIKO HIRIA

Desertua zeharkatu edo asiloa eskatu, migratzaileen dilema Tijuanan

Ameriketako Estatu Batuetan asiloa eskatzea beste buruhauste bat bilakatu da Hondurasetik oinez atera ziren migratzaileentzat. Tijuanan jada 5.000 migratzaile elkartu dira. Mexikok 98 kanporatu ditu; igandean 500 bat hesia igarotzen saiatu ziren.

Etsipena zabaltzen ari da Tijuanan migratzaileen artean. Jada, 5.000 inguru iritsi dira Ameriketako Estatu Batuekin muga egiten duen Mexikoko hiri honetara, 4.000 kilometroko ibilbidea egin ondoren. Gainezka dagoen aterpe batean bizi dira. Osasun-zerbitzuak eskasak dira, egunean bi otordu dituzte eta izurriteak ohikoak dira.

Joan den igandean, 500 bat migratzaile Tijuana eta San Diego banantzen dituen hesi bikoitza zeharkatzen saiatu ziren, baina estatubatuarrek gas negar-eragileak eta gomazko balak jaurti zizkieten. Gertatutakoak beldurra zabaldu zuen migratzaileen artean.

«Ez genuen horrelakorik espero. Akabatuko gintuztela pentsatu nuen. Oso zaila izango da beste aldera igarotzea egoera honetan», adierazi zion AFPri Brayan Casasek, 28 urteko hondurastarrak. Emazte eta semearekin saiatu zen hesia igarotzen.

Etsipena nagusitzen ari den arren, batzuek ez dute amore ematen eta, gauez, bakarka, harresia zeharkatzen saiatzen dira, azpitik igarota. «Bost aldiz saiatu naiz. Ilunpetan errazagoa izango zela uste nuen, ez nindutela ikusiko, baina txakurrak zeuden. Eta horiek ez diote inori barkatzen», adierazi zuen Danilo Mejiak, 26 urteko gazte hondurastarrak. Desertua berak bakarrik gurutzatzea da bere helburua, ezin baitio esperientziadun trafikatzaile bati ordaindu. 10.000 dolar eskatzen dituzte gida lanak egiteagatik.

Bidegurutze horretan, migratzaileen aukera bakarra Mexikotik asiloa eskatzea da, baina zaila izateaz gain prozesu luzea ere bada. Eta gutxi batzuek lortzen dute asiloa. «Ameriketako Estatu Batuetako migrazio legeak arrazistak eta bidegabeak dira. Asilo eskaera gehienak atzera botatzen dituzte, batez ere abokaturik ez dutenenak», azaldu zuen Arturo Viscarrak, AEBetako eta El Salvadorreko naziotasuna duen abokatuak.

«Karabana osatzen dutenen gehiengoak asiloa eskatu nahi du. Maren eta bestelakoen indarkeriatik ihes egiten duten arren, hori ez da nahikoa zeren AEBek ez dute asilo legea hain zentzu zabalean aplikatzen», gaineratu zuen Viscarrak.

Itxarote-zerrenda 5.000tik gora pertsonakoa da. «Hiru hilabete baino gehiago itxaron behar dugu deia jasotzeko. Eta ondoren auskalo zenbat denbora behar duten eskaera onartzeko edo atzera botatzeko», helarazi zuen Arlin Gutierrezek. Bere hiru semeekin batera atera zen Hondurasetik.

Ez daki zer izan daitekeen okerragoa, basamortua gurutzatzea –non etorkin asko hiltzen diren deshidratazioak edo hipotermiak jota edo sugeengatik– edo asiloa lortzeko borrokatzea.

«Itxoiten hilko gara, ezinezkoa da hainbeste denboran animaliak izango bagina bezala bizitzea. Hotza pairatzen dugu, euri jasak eta gaixotasunak», esan zuen umetxoa eskuetan.

Sare sozialak, informazioa beldurrak, kezkak, zalantzak eta galderak partekatzeko erreminta eraginkorra bihurtu dira migratzaileen artean. Whatsapp taldeen edo Facebooken bidez gomendioak egiten dizkiote elkarri; nondik gurutzatu muga, zer eraman motxilan... dira galdera ohikoenak.

Donal Trump presidente estatubatuarrak argi utzi du ez diola sarbiderik emango karabanari eta migratzaileek Mexikon itxoin beharko dutela. Asilo eskaera bakoitza banan-banan aztertuko dutela adierazi du.