NAIZ
GASTEIZ

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko die Arabako 2019ko aurrekontuei

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko die Arabako foru Gobernuak 2019rako prestatu dituen aurrekontuei. EAJk akordio batera heltzeko «inolako borondaterik» ez duela salatu du.

Kike Fernandez de Pinedo, EH Bilduko Arabako bozeramailea. (@ehbilduaraba)
Kike Fernandez de Pinedo, EH Bilduko Arabako bozeramailea. (@ehbilduaraba)

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak agerraldia egin du gaur goizean, eta bertan iragarri du koalizioak osoko zuzenketa aurkeztuko diela foru Gobernuaren 2019rako aurrekontu egitasmoari.

Azaldu duenez, joan zen azaroaren 7an EH Bilduk EAJri egin zio eskaintzatik «oso urrun» dago jeltzaleek egin dieten kontraproposamena. «Zinez, uste dugu EAJk ez duela akordio batera heltzeko inolako borondaterik eta erosoago dagoela PPrekin batera onartu zituen aurrekontuetan», adierazi du.

Gogoratu duenez, EH Bilduren Arabako Mahai Politikoak azaroaren 7an egin zuen bileran lau ardatz nagusiren inguruan osatu zuen proposamena eta jeltzaleei helarazi zien: zerbitzu sozialetako adinekoen arloan plaza publikoak sortzea, uraren kudeaketa integral berria eta, horrekin batera, egungo trenbidearen modernizazioa, toki erakundeen finantzazioa hobetzea eta zerga bilketa justua.

Fernandez de Pinedok esan duenez, EAJk bi aste eskatu zituen erantzuteko eta aurreko asteazkenean egindako bilkuran «bakarrik onartu zuen erdizka ardatz bat, toki erakundeen finantzazioari dagokiona».

EH Bilduren esanetan, EAJk zerbitzu sozialen arloan akordio batera heltzeko «ate guztiak itxi zizkion behin betiko baztertu zuenean San Prudentzio egoitzan 65 plaza berri egiteko egitasmoa». 

Horregatik, EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du, baita lau ardatz horietan zentratuko diren zuzenketa partzialak ere.