Joseba ITURRIA
Interview
ASIER ILLARRAMENDI
REALEKO JOKALARIA

Illarramendi: «Euskaraldia ongi dator bultzada bat emateko»

Realak euskararekiko konpromiso handia erakutsi du egunotan Euskaraldia bultzatuz. Klubak eta talde profesionalek publikoki erakutsi dute beren babesa eta azkeneko egunetan Asier Garitanok eta Igor Zubeldiak euskara hutsean eman dituzte prentsaurrekoak.

Baina ez da Euskaraldiko kontua bakarrik; euskara lehentasuna da Realaren harrobian aspalditik; euskaraz dakiten entrenatzaileak euskaraz egiten saiatzen dira, jokalariei euskaraz zuzentzen, eta jarrera horren adibide garbiena Asier Illarramendi lehen taldeko kapitaina da. Mutrikuarrak euskaraz errazago hitz egiten du erdaraz baino, eta infantiletan Realean sartu zenetik bere hizkuntza erabili omen du gehienbat.

Realean harrobitik euskarari garrantzi handia eman zaio eta talde guztietan hitz egin duzue.

Ni txikitatik hasi nintzen Realean jokatzen eta beti euskara erabili dugu. Gero, zer taldekide tokatzen diren, horren arabera, batzuetan gehiago egiten da, besteetan gutxiago. Nire adinekoen multzoan, nire kintako gehienak hemengoak ziren, gipuzkoarrak, euskaldunak, eta normalean euskaraz aritu gara.

Lehen taldean eutsi diozue horri euskaldunen artean, nahiz eta kanpoko jendea etorri.

Azkenean, gure ama hizkuntza euskara da eta euskaldunen artean, Realean behintzat, ez futbolarien artean bakarrik, bertako langileen artean ere bai, euskaraz elkar ulertzen badugu, hobeto euskaraz egitea.

Abantaila da, gainera, futbolean zelaian zuen artean euskara erabiltzea, ezta?

Batez ere futbol zelaian partida jokatzen duzun momentuan. Badakigu beste taldeetako ia inork euskaraz ez dakiela, guk bakarrik dakigula, gure hizkuntza dela eta euskaraz eginda beste inork ez duela ulertuko. Batzuetan abantaila hori ere aprobetxatzen dugu zelaian.

Kanpotik etorri diren jokalarien artean baten bat azpimarratuko zenuke euskaraz hitz egiteko erakutsi duen asmoagatik?

Moya agian. Ez darama denbora asko gure artean eta etorri denetik beti dago galdezka hitz batzuk ikasi ahal izateko. Kaixo, agur, eskerrik asko, zer moduz, ni ondo eta zu… horrelako hitzak botatzen dizkizu. Berak azkenean interesa jarri du eta hitz batzuk ikasi ditu. Badakigu kanpoko jendearentzat euskara ez dela hizkuntza erraza eta berak etorri denetik interesa jarri du. Bera nabarmenduko nuke.

Euskaraldia nola ikusten duzu? Babes guztia eman diozue. Asier Garitanok eta Igor Zubeldiak, adibidez, euskaraz bakarrik hitz eginez prentsaurrekoan. Nola bultzatu duzue jokalarien artean?

Euskaraldia gure artean solasaldia egiteko bultzada bat izan da, konturatzeko euskara erabiltzen dugun edo ez. Eta gu ere konturatzen gara askotan euskara gehiago erabili ahal dugula eta Euskaraldia ondo dator euskarari bultzada hori emateko, eta gehiago erabiltzeko. Eta ez bakarrik hamaika egun hauetan. Euskaraldia pasa eta hamabigarren egunetik aurrera ere ea gehiago erabiltzen dugun denok. Ea denon artean euskarari bultzada bat ematen diogun.