NAIZ
BERRIZ

‘Hator, neska mutil etxera’: euskal kantutegia inklusiboago eginez

Hainbat euskal kanta ezagun hartu, tradizionalki abestu diren eran jaso eta ikuspegi inklusiboago batekin kantatzeko moduan egokitu dituzte Berrizen. Emaitza, ‘Hator, neska-mutil etxera’ lana.

Bi urte dira Berrizko Kantu Lagun taldean bi astean behin biltzen hasi zirenetik. Euskal kantutegiko hainbat abesti kantatzen zituzten, «eta haietako batzuk abesterakoan ez ginen hain eroso sentitzen». Beraz, hauek egungo testuinguruaren arabera moldatzea pentsatu zuten.

Egitasmoaren nondik-norakoak idatzi eta Berrizko Udalaren diru-laguntza bati esker ‘Hator, neska-mutil etxera’ proiektua martxan jarri zuten sortzaile talde baten laguntzarekin.

Hala, hainbat euskal kanta ezagun hartu, tradizionalki abestu izan diren eran jaso eta ikuspegi inklusiboago batekin kantatzeko moduan egokitu dituzte.

Ekimenean hartu dute parte, besteak beste, Azeri Gorriak asanblada feministak, Berrioiz Guraso Elkarteak, Berrizko AEK-k, Bertso Eskolak, Kantu-lagun taldeak, Berrizko Merkatari Elkarteak, Iremiñe dantza taldeak, Kantxa Zati Bat taldeak, Oka elkarteak eta San Lorentzo dantza taldeak. Guztira, 160 herritar inguru erakarri ditu ekimenak.

Eneritz Gorrotxategik egin du hitzen eta doinuen moldaketa, eta berarekin batera jarri dute musika Iñaki Elortza, Ion Chavez, Jangitz Larrañaga eta Julen Arzuagak.