GARA
MEXIKO HIRIA

Pazientzia eta sostengua eskatu die Lopez Obradorrek mexikarrei

Mexiko Hiriko Zocalo plaza festa erraldoi bat izan zen. Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak mexikarrekin ospatu nahi izan zuen bere agintaldiko lehen eguna. Herri indigenek aginte makila eman zioten purifikazio zeremonia baten ostean. Makurtuta, errespetuaren seinale, pairatu duten zapalkuntza eta arrazakeria salatu zituen. Mexikarrei «pazientzia» eskatu zien, «hondamenean den herrialdea jaso dut. Ez nazazue bakarrik utzi», esan zuen.

Manuel Lopez Obrador presidente mexikarrak «hondamendian dagoen» herrialde bat jasotzen duela nabarmendu zuen larunbat arratsaldean –gauerdia Euskal Herrian–, Zocalo plazan, presidente gisa bota zuen bere lehenengo diskurtsoan.

«Konfiantza eta pazientzia izan nigan; ez nazazue bakarrik utzi. Behar zaituztet. Zuek gabe ez dut deus ere balio edo ia ezer. Zuek gabe kontserbadoreak gainera etorriko zaizkit», plazaratu zien mexikarrei apaltasunez.

Mexikon dauden herri indigenekiko errespetu osoa ere azaldu zuen. Makurtuta, aginte makila jaso zuen haien eskutik. Haientzat izan ziren, hain zuzen ere, lehen konpromiso hitzak. Mendeetan jasan duten zapalkuntza, eta arrazakeriaren, pobreziaren eta bazterkeriaren biktima izan izana gogor salatu zuen. «Bidegabekeria bat da, lotsagarria», oihu egin zuen.

Mexikar guztiek tratu bera jasoko dutela adierazi zuen, desberdintasunak egin gabe eta inor baztertuta utzi gabe. Hori bai, «guztion hobe beharrez», Gobernuaren «lehentasuna pobreak izango» direla argi utzi zuen. Datozen sei urteetarako gobernu proiektua «hegoaldetik iparraldera» pentsatuta dagoela aurreratu zuen. Hego-ekialdean, milioi bat hektareatan, zurgaiak diren zuhaitz eta fruta arbolak, landatu nahi ditu; Maien Trena eraiki nahi du eta Tehuantepec-ko istmoko petrolio findegiak eta ekonomia sustatzea du helburu Lopez Obradorrek. 92 minutuz, bere agintaldiaren helburuak eta gobernu programa osatzen duten ehun puntuak azaldu zituen. Horietako batean, preso politikoentzako eta errepresioaren biktima izan direnentzako amnistia iragarri zuen, eta ekintzaileen eta lider sozialen kontrako auziak bertan behera utziko dituela.

Adierazpen askatasuna bere osotasunean errespetatuko duela gaineratu zuen. «Kazetarien edo komunikabideen kontrako zentsurarik ez da ezarriko», esan zuen. Askatasun hori, baina, «errespetuz erabiltzea» eskatu zien kazetari eta hedabideei.

«Huts egiteko eskubiderik ez»

«Ez dut huts egiteko eskubiderik. Erronka onartzen dut. Herrialdeak pairatzen duen atzerakada geldiarazteko ahal dudan guztia egingo dut», nabarmendu zuen Legebiltzarrean, non kargua uzten zuen Enrique Peña Nieto presidenteak boterea eta presidente banda eman zizkion. Inbertsioak, bai nazionalak baita nazioartekoak ere, bermatuko dituela ziurtatu zuen, baina botere publikoa botere ekonomikotik betiko banatuko duela esan zuen. «Itxurakeria neoliberala alde batera utziko dugu», gaineratu zuen presidenteak.

Urtero, bere agintaldiaren balantzea Legebiltzarrean egiteaz gain, «plazetan, kalean» ere egingo duela aurreratu zuen. «Hartutako ehun konpromisoen errepasoa egingo dut herritarrekin batera. Ez dut sekula herriarekin komunikazioa galduko. Boterea eta herritarren arteko dibortzioa amaitu da», nabarmendu zuen jendearen txalo zaparraren artean.