EuskarAbentura elkarteak 2019ko espedizioa aurkeztu du Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Edizio berri honetan, 16-17 urte bitarteko 120 gaztek hartu dute parte. Horretarako, motibazio gutuna eta banakako lan bat aurkeztu beharko dute martxoaren 10a baino lehen. Jasotako proiektuak Eusko Ikaskuntzaren eta .eus Fundazioaren laguntzaz ebaluatuko dira.
Hiru gairen artean aukeratu beharko dute EuskarAbenturaren edizio berri honetan parte hartu nahi dutenek: ‘Maite ditut maite gure bazterrak’, ‘Joan-etorriak: migrazioen testigantzak’ edo ‘Errimak eta erritmoak’. Sei formatutan aurkeztu ahalko dira lanak: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak.
Matrikulazio epea martxoaren 10a arte egongo da zabalik, eta izen-ematea euskarabentura.eus webgunearen bitartez egin beharko da. Espedizioan parte hartuko dutenen behin-betiko zerrenda webgunean bertan argitaratuko da apirilaren 15ean.
Matrikulazio kanpainaren baitan, hainbat aurkezpen egingo ditu elkarteak datozen asteetan eskola eta bestelako espazio gazteetan, egitasmoa gazteei helarazteko.
Elkartea «oso pozik» dago EuskarAbenturak orain arte lortutako emaitzekin. «Pozgarriena, gazteek bizi izan duten bizipenaren balorazio positiboa ezagutzea izan da», adierazi du elkarteko kide den Imanol Zabaletak edizio berriaren aurkezpenean.